‘Toto’, bikote baten errautsak, Hika Teatroaren ekoizpen berrian

Data

23.01.15 - 23.03.13

Lekua

Gipuzkoa - Lezo

Miren Gojenolak eta Asier Hernandezek jokatutako pertsonaiak, eztabaida bizian.
Miren Gojenolak eta Asier Hernandezek jokatutako pertsonaiak, eztabaida bizian. (OTSABI)

Igande honetan eramango du estreinakoz agertokira ‘Toto’ antzezlana Hika Teatroak. 19.30etik aurrera Lezoko Gezala Audioriumean da hitzordua. 

Mafalda Bellidoren ‘Chucho’ euskarara ekarri du Hikak. Kepa Errastik hartu du itzulpenaren ardura. Miren Gojenola eta Asier Hernandez ikusiko ditugu eszenan. Bikotekide oihak dira. Harremanaren errautsak ikusiko ditugu agertoki gainean. Une pertsonal zailari beste arazo bat gehitu zaie, ‘Toto’, bien txakurra, galdu egin da. Bikotearen galera, eta biek partekatzen duten txakurrarena, batera.

Publiko guztientzako areto ikuskizuna da. Agurtzane Intxaurragak zuzendu du eta Tania Fornieles izan du laguntzaile.

Bi aktoreen aukeraketaz galdetuta, hau dio zuzendariak: «Miren taldeko sentitzen dut, Hika Teatroaren sortzaileetako bat izan zen eta 2013tik etengabe ari da gurekin lanean. Obra hau irakurri zuenean begiradarekin elkarri esan genion», kontatu du irribarrez.

«Asierrekin lan egina nintzen ‘Hitzak’ obran ordezkapen bat egin zuenean baina ez ziren emanaldi asko izan eta aspalditik nuen berarekin berriz lan egiteko nahia. Eurak lehen aldiz ari dira elkarrekin», esan du.

Hizkuntza gutxituak

Bellidoren esanetan «‘Chucho’k ama hizkuntzarekiko maitasunaz, hizkuntza gutxituekiko maitasunaz hitz egiten du, bestearekiko maitasunaz eta hori adierazteko moduaz hitz egiten du, partekatzeko beharraz hitz egiten du, lurrarekiko maitasunaz eta haren fruituez hitz egiten du, inkomunikazioa, gure segurtasunik eza, gure beldurrak eta amildegiak. Eta hori guztia komediatik, barretik eta emoziotik egiten du».

Baina ‘Chucho’ ez da komedia erromantiko bat. «Komedia urratzailea da, bere bi pertsonaiak muturrera eramaten dituena. Errusiar mendi emozionala, ikuslea hasieratik arrastaka eramaten duena eta bere besaulkiaren aurrean ispilu bat jartzen duena, non bere miseria eta egiekin islatuta ikusten den. Denbora errealean (obrak irauten duena) bikote baten eztabaidara bertaratzen den ikusle bat, orainaldi absolutuan», gaineratu du.

«Tonik eta Beak, pertsonaia protagonistek –bertsio originalean– euskaraz eztabaidatu, barre egin eta negar egiteak esan nahi du valentziera bezalako hizkuntza txiki batean pentsatutako lan batek beste esparru batzuetara, beste sentires batzuetara, gainditzen duela, eta hori niretzat, autore gisa, izugarrizko poza da», nabarmendu du egileak.

Antzezlana ikustera joateko gonbita zabala luzatu du Intxaurragak eta gonbita berezia «bikote oiharekin ala txakurrarekin» joan nahi dutenei, modu umoretsuan.

Estreinaldiaren ondoren ondorengo emanaldiak ditu Hikak lotuta:

Urtarrilak 20, Aita Mari Antzokia, Zumaia
Urtarrilak 21, Itsas-Etxea Auditorium, Hondarribia
Urtarrilak 22, Zaraia Aretoa, Aretxabaleta
Otsailak 4, Seminarixuan, Bergara.
Otsailak 10, Nestor Basterretxea aretoa, Bermeo
Otsailak 11, kultur etxea, Astigarraga

Martxoak 4, Kultura etxea, ZIGOITIA
Martxoak 11, Kultur etxea, Urkabustaiz
Martxoak 17, Kultur etxea, Ordizia
Apirilak 21, Musika eskola, Sestao
Maiatzak 13, Kurtzio antzokia, Sopela

Sarrerak webgunean eskura daitezke.

Kokapena

Gezala Auditorium
Euskal Herria Plaza, 1
Lezo. Gipuzkoa