Zetak taldeak kontzertua eskainiko du ZEID FEST jaialdian
Data
23.04.01 - 23.04.01
Lekua
Bizkaia - Barakaldo

ZEID Festek (Zeinen Ederra Izango Den Fest) «inork espero ez zuen izen berri bat» iragarri du: Pello Reparazen Zetak.
Arbizuko abeslariak medioetan eta sare sozialetan orain arte partekatu duen moduan, taldeak ez zuen asmorik jaialdiaren bigarren edizio honetan emanaldia eskaintzeko. Azken hilabeteetako eskaerak ikusita, ordea, iritziz aldatzea erabaki eta kontzertuen egutegiari egun berri bat gehitu diote. Izan ere, Reparazek sare sozialetan partekatu duenez, harrigarria izan da azken egun hauetan gertatu dena. Zetak-en parte hartzea eskatuz iritsi diren mezu guztiak ikusita, bilera luzeak izan dituztela argitu digu eta ZEID FEST eszenatoki gainetik disfrutatzeko erabakia hartu dutela.
Antolatzaileak «ezin eskertuago daude jendearen parte hartzearekin, eta ezin gusturako Zetak kartelera gehitzearekin». Horregatik, eskertza modura, ZETAK deskontu kodea jarri dute martxan. Asteazken honetatik aurrera, webgunean sarrera erosterakoan kodea erabiliz gero 2 euroko deskontua izango dute erosleek.
Zeinen Ederra Izango Den (ZEID) jaialdiak kultura proposamen zabala dakar bigarren urtez. Musika dantza eta show desberdinak bildu dituzte izen handiz beteriko kartelean. Apirilaren 1ean, Bizkaia Arena BECen egingo den musika jaialdia berrikuntzekin dator. Izan ere, Euskal Herriko musika jaialdien historian, lehenengo aldiz, drag ikuskizunak hartu du halako gune bat.
Guztira hamar minutuko hiru show eskainiko dituzte. Musika, umorea eta kolore ugari izango dira emanaldiaren ezaugarri nagusiak, Albina Stardustek, Euskal Trabestiak showeko Arte Zuzendariak eta partaideak azaldu duenez. Berarekin batera arituko dira, Aurah Sin, Celeste Poliester, Divina Comedia, Donatella Mani, Maruxak, Sussie Pussie, Xarma Leone eta Yogurinha Borova, «jendarteko errepresentazio ezberdinak» erakusteko xedearekin.
ZEID FEST bezalako gune batean drag emanaldi bat egotea bera mezu indartsu bat da, «Euskal Herriko beste jaialdietan ikusten ez den errepresentazioa eskainiko da hemen», gaineratu du Stardustek. Hala ere ez da izango helarazi nahi duten mezu bakarra. Jendarteak trabestien inguruan duen iruditeria hautsi nahi baitute, draga ez baita «ile hori orde batekin showa eskaintzera ateratzen den gizon bat» soilik. Divina Comediak azaldu digunaren arabera, «kontzeptu irekia da, errealitate ezberdinak biltzen ditu», eta horixe erakutsiko digute.
Drag eszena indartzen
Euskal Trabestien mugimendua hasi zela urteak igaro badira ere, orain gutxi arte gehiegi hedatu ez den errealitate bat da. Albina Stardustek bost urte daramatza honetan, eta jorratzen ari diren bidearekin gustura dagoela aipatu du. «Hasi ginenean show pribatuak eskaintzen genituen, baldintza kaskarretan, orain geroz eta dei gehiago jasotzen ditugu txosnetatik eta jai batzordeetatik». Argi dute eremu publikoetan LGTBIQ+ kolektiboaren euskarazko errepresentazioaren beharra dagoela.
Divina Comediak gaineratu du, gazte eta kultura elkarteetan «zorionez jende anitza» dagoela, eta «onura handia» ari dela izaten bestelako errealitatea erakusten dutenentzat. Bide honetatik jarraituz, drag mugimenduak etorkizun oparoa izango duela uste dute Comediak eta Stardustek: «Leku askotan egon nahi dugu trabestiok. Bestelako taldeen, artisten eta errealitateen errepresentazioa dagoen leku guztietan alegia. Eta jaialdi honek ere hasiera gisa lagunduko digula uste dugu, hemendik herrietako festetara eta txostenata salto egiteko, Euskal Herrian zehar gure lana erakusteko».
Stardust eta Comediak azaldu bezala, Drag eszena indartzen ari bada ere, garapen prozesuan dauden mugimendu gehienen gisan, honek ere izan du atzera pausua azken egunetan, eta horren erakusle da Nafarroan berriki gertatu dena. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Berdintasunaren aldeko Institutuak, Kolektiboa kontuan izan gabe, LGTBI+ Kattalingune Arreta Publikoko Zerbitzua desegin du. Hiru langile kaleratu ditu, 43.000 euro murriztu du 2023rako aurrekontua eta Hiriburuan, hau da, Iruñean zentralizatu du arreta, gainerako Nafarroa zerbitzu gabe utziz.
Musika eskaintza
Trap soinu garaikideak eta pop musika oinarri izango dituen urte honetan, euskal proposamen ugariz gozatzeko aukera ere izanen da.
Bertaratzen direnek, La M.O.D.A., Gozategi, Zahara Rave, Don Patricio, Nøgen, Esne Beltza, Txiltxoko, Samantha Hudson, Kukai, Eñaut Elorrieta, Skabidean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Olaia Inziarte, Kerobia eta La Fúmiga taldeez gozatzeko aukera izango dute.
Doctor Deseo, La Furia eta Elektropottotte Emakumeen Txaranga ere egongo dira.
Egun berezia izango da talde askorentzat, Esne Beltza kasu. Izan ere, lan berriaren estreinako emanaldia eskainiko dute jaialdian. Doctor Deseo ikusteko ere aukera berezia izango dute euskal gazteek, 2023an emango duen kontzertu bakarra izango baita BECekoa.
Aipatutakoez gain, sorpresa gehiago ere izango dira ZEID FESTen. Jateko eskaintza, azoka eta bestelako esperientziak ere ez dira faltako.
Informazio osagarria, jaialdiaren webgune ofizialean.
Kokapena
BEC
Azkue Kalea, 1
Barakaldo. Bizkaia