Udagoieneko Ostera hegan dator, online formatuan, Topagunearen eskutik

Data

21.11.12 - 21.11.28

Lekua

Bizkaia - Otxandio

Mikel Urdangarin, kontzertuan. (NAIZ)

Udagoieneko Ostera Hegan ate joka dator. Azaroaren 12tik aurrera hiru kontzertuz osatutako zikloa egingo da. Iazko formulari jarraiki online izango dira saioak, Euskal Herriko historian esanguratsuak diren guneetan. Mikel Urdangarin, Xamanak eta Olatz Salvador izango dira protagonistak.

Izurri betean, joan den udaberrian hartu behar izan zuen erabakia eta iazko eredu digitalaren aldeko apostua egin du Topaguneak aurten ere Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Alegia, zaleek pantailaren bidez gozatuko dute Udagoieneko Ostera musika zikloaz. «Mimo handiz egindako egitasmoa da eta kalitatea bermatze aldera online formatuaren apustua egin da. Publikorik gabe izango dira saioak», kontatu du Ainhoa Luz Euskaltzaleen Topaguneako kultur teknikariak.

2020an bezala, hegan dator musika zikloa, unean uneko baldintzetara egokituz. «Emanaldien grabaketa egin zenean oraindik covid-ak eragindako murrizketa dezente zeuden. Udagoieneko Ostera ‘Hegan’ egitearen kontzeptua aukera bezala azpimarratu nahiko genuke programa honetan, hegan doan proiektu bat askeagoa baita eta mundu berriak deskubritzeko aukera handiagoak ditu: gure hizkuntza eta kulturari hegoak jantzi dizkiogu etxe gehiagotara heltzeko eta bide berriak topatzeko», azaldu du.

Bada aldaketarik. Izan ere, 2020ean euskal nortasunaren ikur diren hiru leku izan ziren hautatutako kokaguneak –La Encartada Fabrika Museoa, Muskizeko El Pobal burdinola eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa– eta oraingoan aire librean grabatu dira emanaldiak. Otxandion, Barakaldon eta Ondarroan, hain zuzen ere. «Aurreko urtean ondare historikoaren irakurketa egin genuen eta aurten memoriaren gaia jorratu dugu. Iaz aukeratutako tokiek bazuten xarma, aurten xarma hori historiak dauka, bertan izandako gertaerek, oroimen historiko eta kolektiboa izango ditugu bidelagun», adierazi du.

Tamalez, 36ko gerrari lotutako guneak dira aurten aukeratutakoak. «Gernika edo Durango asko aipatzen dira baina Otxandio hamairu aldiz bonbardatu zuten oso epe motzean, Barakaldo ere hamar aldiz... Ondarroaren kasuan, Saturraranen emakumeen kartzela egon zen:  Frankok ireki zuen estatuko handiena; 3.000-4.000 emakume pasatu ziren sei urteko tarte horretan  eta gerra guztietan bezala emakume izateagatik eta gerragatik bortizkeria bikoitza pairatu zuten», gogoratu du.

Gure historiaren transmisioaren beharra nabarmendu du. «Lokalizazio bakoitza gertakari bati lotuta egongo da eta horien berri jasoko du hartzaileak, nolabait, Bizkaiko memoria historiko eta kolektiboaz zipriztinduz. Herri horietan gertatu zena gogora ekarri nahi dugu herritarrek gertakariak present izan ditzaten; ez daitezela geratu mahai azpian», nabarmendu du.  

«Iraganeko pasadizo lazgarrietara hegan egitera gonbidatzen zaitu Udagoieneko Osterak, atzo gertatukoa ez dezagun ez gaur ez bihar ahantzi», gonbidapena luzatu dute Topagunetik.

Otxandion Mikel Urdangarinek abestuko du, Barakaldon Xamanak taldeak eta Ondarroa eta Saturraran arteko pasealekuan Olatz Salvadorrek eskainiko du kontzertua. «Azken kasu horretan emakume bat izan zedin nahi genuen», argitu du.

Hiru profil desberdin gonbidatu dituzte. «Ibilbide luzeko musikaria Mikel Urdangarin, sortzaile berria Olatz Salvador, herriarekin eta euskararekin lotura berezia daukana Xamanak. Jatorri eta ibilbide oso ezberdineko musikariak eta beraz, publiko ezberdina duten musikariak ikus-entzule gehiagotara heltzeko bidea zabaltzen digu», esan du.

Azaroaren 12tik 14ra ikus eta entzun ahal izango da Mikel Urdangarinen kontzertua web orrian (www.topagunea.eus). Azaroaren 19tik 21era jarriko da online Xamanak taldearen saioa eta azkenik, azaroaren 26tik 28ra Olatz Salvadorren emanaldia.

Euskaltzaleen Topaguneak hogei urtetik gora daramatza Udagoieneko Ostera egitasmoa antolatzen eta iaz, oso garai zailetan egindako edizio bereziak, oso harrera ona izan zuen. Aurten ere «prestatutako eskaintzaz gozatzeko» gonbita luzatu du Luzek. «Herritarrak euskal kulturara, euskara hurbiltzeko tresna baliagarria da musika», dio.

Kulturgintzak, gurean, garai zailak bizi dituen uneotan, Topagunean kulturaren alde apustua egiten jarraitzen du. «Euskal Herriko kulturgintzaren jarduera osoa baldintzatu du pandemiak eta espero dugu ahalik eta azkarren ekitaldietan presentzialtasuna bermatzea. Kulturak kalean egon behar du», gaineratu du Topaguneako euskara teknikariak.

Aurrera begira, desio bat: «berriz ere jendeak goza eta bizi dezala euskal kultura, horretarako, prestigioa duten proposamena eskainiz eta behar duen tokia emanez euskarari eta kulturari».

Kokapena

Andikona Plaza
Andikona Plaza
Otxandio. Bizkaia