Urruzunotarrak Gehituz literatur lehiaketa
2020/01/20 - 2020/02/28
Gasteiz
Araba
Literatura
AIPAMENAK

Urruzunotarrak Gehituz euskarazko literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra bitarte luzatuko da.

Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen lehiaketa, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko, eta gazteok euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda.

«Ordutik, Urruzunotarrak Gehituz erreferentziazko lehiaketa bihurtu da euskal kulturaren eremuan, eta garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultur sormenarekin loturiko beste edozein esparrutan», adierazi dute Hezkuntza Sailetik.

Horrela, lehiaketara literatur lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra bitarte dago zabalik (egun hori barne). Bi kategoria bereiziko dira, ikasleen ikasmailaren arabera: A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat, eta B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.

Literatur lanek originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatur saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, poesiaz zein prosaz, eta gaia librea izango da.

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratu eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: hamar lan kategoria bakoitzeko (bost prosa lan eta bost poesia lan).

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak: sorkuntza eta irudimena, testuaren literatur ezaugarriak, idazlanaren arintasuna eta lotura, eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.

Lan sarituen egileek bost eguneko literatur egonaldi batean parte hartzeko aukera izango dute. Egonaldian, literatur lantegiak eta idazketarekin nahiz literatur sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera burutuko dituzte, une oro zenbait euskal idazleren laguntzarekin.

KOKAPENA
Gasteiz
Araba