Victimas Club, Pop melodiak eta punk jarrera

Data

22.01.15 - 22.01.15

Lekua

Gipuzkoa - Bergara

Victimas Club
Victimas Club (Borja Treviño)

Victimas Club taldeak disko berria kaleratu du egunotan, eta berau aurkezteko zuzeneko emanaldiak eskaintzen saiatzen ari dira Euskal Herrian zehar. Urtarrilaren 7an Gasteizko HellDorado aretoan eskaini behar zuten kontzertua bertan behera geratu eta gero, Bergarako Kartzela Zaharrean ariko da taldea urtarrilaren 15ean, larunbat eguerdiz, vermut zaporeko emanaldian. Emanaldia Txapa irratiak antolatzen du, eta sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira gaztetxean bertan.

Gure musika eszenan aritutako musikariak biltzen dira Victimas Club talde berrian. Zakur zaharrak musika egitasmo berri batean murgilduak. Izan ere, rockaren pozoia behin dastatuz gero, zail egiten baita musika tresnak zintzilikatzea. Victimas Club taldearen zutabe nagusia Sumusion City Blues bandaren errautsetatik sortzen da, taldean arituriko Iñaki Urbizu ‘Pela’ (ahots nagusia), Joseba B. Lenoir (gitarra eta sintetizadoreak)  eta David Marin (bateria) egitasmo berri bat martxan jartzean. Talde formazio osatuz, berriz, Jon Zubiaga ‘Osoron’ (baxua) eta Julen Postigo (pianoa eta sintetizadoreak) batu dira, boskotea osatuz.

2019an hasi zen taldea lehen pausoak ematen, eta dagoeneko kalean dute iraupen luzeko lehen diskoa: ‘El castigo es colectivo’. Diskoa Duranan grabatua izan da Gakobeltz Hit Faktorian, eta soinu teknikari lanetan taldeko kide den Joseba Baleztena aritu da. Masterizazioa berriz Azkarateko Mamia Mastering estudioetan burutu da, Jonan Ordorikaren gidaritzapean. Musikalki rock giroetan dator Victimas Club banda, melodia popero eta punk jarreraz.

Kokapena

Kartzela Zaharra
kartzela zaharra
Bergara. Gipuzkoa

Loturak