Liher, Gatibu eta Arima, EHZren kartelera gehitu direnen artean

Data

23.06.30 - 23.07.02

Lekua

Nafarroa Beherea - Irisarri

Liher Irisarrin izango da.
Liher Irisarrin izango da. (NAIZ)

Ekainaren 30etik uztailaren 2ra egingo dute 27. EHZ Euskal Herria Zuzenean. Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik iragan ondoren, aurten, laugarren urtez, Irisarrin egingo da.

Joko duten talde gehiagoren berri eman duten antolatzaileek. Hauek izango dira, besteak beste: Liher, Gatibu, Vapa, Arima, Kuma No Motor eta Aho Zakil Konexion taldeak.

Aurrez iragarrita zeuden beste izenei gehitzen zaizkie: Willis Drummond, Mice, Willis Drummond, Soulfly, Alarma Morea eta Habia. AKts, Madmadmad eta Mandarine ere izango dira jaialdian. Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak, Muare. Antzerki, zirko edota dantza ikusgarriek ere programazioa osatuko dute. Horien artean Ertza konpainiaren ‘Otempodiz’ dantza sorkuntza izanen da ikusgai.

«Azken edizioetan egin bezala, aurten ere EHZak aniztasunean izanen du indargunea, askotariko estilo eta unibertsoetatik datozen artistak programatuz. Euskal kultur sorkuntzak erdigunean izanen dira aurten ere, baina beste jatorri batzuetako artista eta taldeek ere aberastuko dute EHZko programazioa. Hiru egunez, elektro, rock, pop, death metal doinuek dantzaraziko dute Irisarri eta Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare taldeei Willis Drummond, AKts, Madmadmad, Soulfly eta Mandarine gehituko zaizkie», iragarri dute.

Festibalean, leku berezia dute proiektu berriek. «Hainbat artistek 2022-2023 ikasturtean argitaratu dituzten lanak aurkeztuko dituzte, eta nola ez Willis Drummond euskal eszenako talde ezaguna gurekin izanen dugu azaroan atera zuten ‘Hala ere’ beren 7. lana aurkezteko. aKats taldearen doinu elektronikoek eta instrumentu akustikoek publikoa harrituko dute, baita punk eta funk generoen artean balantzan ari den Tottenham-eko (Londres iparraldea) Madmadmad taldeak ere. Tolosatik datorren Mandarine taldeak bere rap-a proposatuko digu. Bestalde, Soulfly metal talde estatu batuar-brasildarra entzuteko santza izanen dugu! 1997an Max Calaverak sortu zuen taldea (joan den urtean entzun genuen Sepultura taldearen sortzaileetako bat)», jarraitu dute antolatzaileek.

Etengabe azalberrituz

27 urtez eraikitako ondarean sustraituz, EHZ etengabe azalberritzen da: «gaur eta biharko belaunaldiek, elkarlanean, esperientziak eta koloreak elkar-korapilaturik, EHZ-ren Herensugea gorpuztuz doa», nabarmendu dute antolatzaileek.

Urratsez urrats eta herriz herri, ‘EHZren Herensugeak’ ideia, «praktika eta soinu anitzak zintzilikatzen segitzen ditu ibiltariaren gerrenaren adarretan», azaldu dutenez. «Biharko belaunaldiek Herensugea xingola berriekin janzten segi dezatela. Berriz ere, denek osatzen dugun Herensugea plazara jautsiko da, Irisarrin, kulturaren pindarrak zazpi haizetara ufatzeko, auzolanaren sua pizteko eta euskaratik euskarara arnasteko», gaineratu dute.

Hala, azpimarratu dute urtean zehar EHZ-ak Euskal Herriko eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramaten dituela. Horien artean, joan den urtean Ipar Euskal Herriko ikastetxe ainitzetan euskal kulturaren inguruko saio pedagogikoak antolatu genituen, urririk, eta aurten esperientzia hori errepikatuko dute.

«Oroitarazten dugu ere urtean zehar Erasoen Kontrako Brigada-k (EKB) eta laguntzaileek erasoen kontrako protokoloa lantzen dutela, festibal denboran izan daitezkeen jarrera sexistak, homofoboak eta arrazistak saihesteko. Festibalean ez dugu inongo erasorik onartuko», azpimarratu dute.

Eszenak

Aurtengo edizioari dagokienez, formula bera mantentzen dute. «Egunean zehar ‘Urririk’ izanen den plazan mota ezberdinetako animazioak izanen dira (zirku, kontzertu, haurren xokoa etab.). Ondoko Ospitalea kultur etxean gaur egungo erronken inguruan trukatzeko parada izanen da hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren bidez.

Arratsean, iaz bezala bi eszenatan banatua izanen den pentzean segituko dute kontzertuek. «Kapitalismoak eragindako krisi bete- betean garen honetan, gure ahalegin guztiak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin», nabarmendu dute. Azkenik, Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituzte.

Aurten, joan den urtean plantan ezarritako esperientzia bat berretsi dute. Euskal kultura eta ikusgarrigintzaren inguruko saioak antolatu dituzte Iparraldeko ikastetxe ainitzetan. «Bigarrenen klasetik terminalera, 300 bat ikasleeri hainbat tailer ludiko proposatu dizkiegu (ekimen baten antolatzeko etapa desberdinak, galdezketa parte hartzaile bat kulturari buruz etab.) dohainik. Arrosako zolatik Irisarriko plazara bidea luzea egina du EHZk. Idauze-Mendi, Heletan eta Lekorne barna, munduko herrien zein askoriko jende, doinu eta borroken topaleku izan da. Auzolanean eraikitzen den festibal honen baloreak gazteei trasmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu, bizi den euskal kulturaren inguruko jakintza sustatzeko xedearekin», diote.

Salgai daude hiru egunetako abonamenduak, 50 euroan, webgunean. Maiatzaren 31tik 60 eurotan jarriko dira. Egunez eguneko sartzeak ekainaren lehenetik aitzina izanen dira salgai eta festibalean laguntzaile izaiteko izen-emateak maiatz hastapenetik goiti irekiko dituzte. Egitaraua ere bertan kontsulta daiteke.

Kokapena

Irisarri
Irisarri
Irisarri . Nafarroa Beherea