Wolfram sindromearen alde, kirol desafio berezia
2020/08/15 - 2020/08/16
Hendaia eta Donibane Garazi
Lapurdi
Desafioa
AIPAMENAK

Abuztuaren 15 eta 16an, kirol ekimen berezia egingo du Sokorritzaileak elkarteak: Wolfram sindromea pairatzen duten pertsonekiko elkartasuna adierazi eta dirua biltzea helburu duen desafioa, Hendaia eta Donibane Garazi lotuz dituz.

Hendaiatik Donibane Garazira. Bi egun. 100 kilometro inguru eta 5.050 metroko desnibela. Desafiorako prest daude Sokorritzaileak elkarteko sei kirolari. Abuztuaren 15 eta 16an bi herriak lotuko dituzte GR10 ibilbidetik Wolfram eritasunaren kontra ikerketak egiten dituen elkartearen alde.

Ez da Sokorritzaileak elkarteak antolatzen duen lehen elkartasunezko ekimena. Jean-Michel Dirassar elkarteko kideak gogora ekarri duenez, urteko pare bat hitzordu antolatu ohi dituzte. Duela zenbait hilabete, Baionako ospitaleko langileen aldeko lasterketa antolatu zuten. Elkartasuna hizpide hartuz, oraingoan, eritasun genetikoaren kontra borrokatzeko dirua bildu nahi du taldeak.

Elkartasuna eta plazera. Horiek dira desafio berri honen irizpide nagusiak. Astero mendian elkartzen den talde honek hasiera batean ibilbidea egun batez egitea pentsatu bazuen ere, azkenean bi egunetan banatuko dute erronka. Hendaiatik, Ibardineko tontorrera, Larrunetik pasatuz, Dantxarinea zeharkatuz eta Bidarraira helduz. Lehengo etapa bukatu ondotik, Bidarraitik Baigorrira eta Baigorritik Donibane Garazira joanen dira Munhoa tontorretik iraganez.

Sei lagunek desafioan parte hartuko duten arren, animatzen den orori abenturan parte hartzeko deia luzatu dio Dirassarrek. Ekonomikoki elkartea lagundu nahi dutenek aukera dute Leetchi plataforman sorturiko loturaren bidez. «Diru guztia elkarteari bideratuko diogu», gaineratu du kideak. Egituraren bidez dirua biltzeaz gain, hainbat lantegiengana joko dutela aipatu du.

KOKAPENA
Hendaia eta Donibane Garazi
Lapurdi