Xiberoots eta Bad Sound, Azpeitiko Etxera egunean
Data
24.05.18 - 24.05.18
Lekua
Gipuzkoa - Azpeitia
Maiatzaren 18an Etxera Eguna antolatu da Azpeitian, eta bide horretan ez da zuzeneko musikarik faltako egun osoko egitarauan. Garazik eta Salak girotuko dute bazkalostea, eta 19.00etan Euskal herriko III. Elektrotxaranga txapelketaz gozatzeko aukera izango da kalez kale. 22.00etatik aurrera, azkenik, Xiberoots eta Bad Sound zuzenean ariko dira Sanagustin kulturgunean. Emanaldia doakoa izango da.
Bad Sound
Irun hiriko Mosku auzoan eman zituen lehen musika pausoak Bad Sound (Bad Sound System lehen urte horietan) taldeak duela bi hamarkada luze. Reggae musikaren zale amorratuak, Depor tabernaren babesean ematen zituzten lehen urratsak, pintxada txikiak antolatuz. Egun, Euskal Herriko reggae giroko talde esanguratsuenetarikoa dela esan dezakegu, inolako zalantzarik gabe.
Urratzez urrats egin dute bidea, pintxada eta kontzertu bakoitzean zaletuak pilatuz dozenaka. Zuzeneko emanaldietan hiruko moduan taularatzen da banda. Taldeko sortzaile diren Selektah Stepi (DJ) eta Kenitra (MC) bikoarekin batera, Aitor Etxeberria perkusio jole nafarra aritzen da agertokian.
Xiberoots
Maulen sorturiko reggae eta dub banda da Xiberoots. 2010 urtetik martxan iraupen luzeko bi disko kaleratu dituzte denbora tarte honetan, biak auto-ekoizpen bidez. Lehen lanak 2014an ikusi zuen argia non taldearen kantuekin batera, hainbat bertsio entzun ahal ziren. Bigarren diskoa 2021 urtean argitaratzen da ‘Honki jina’ izenpean, eta aurretik abiaturiko bidean sakontzen du bandak.
Zuzeneko biziak eskaintzen ditu bandak, berezko estiloa duten ‘Maule Muffin’ giroekin ikuslegoa dantza batean jarriz. Duela zenbait aste ‘Beti forman’ bideoklipa sareratu dute, laster argia ikusiko duen disko berriaren aurrerapen kantua.
Kokapena
Sanagustin Kulturgunea
Sanagustin Kulturgunea
Azpeitia. Gipuzkoa