XX. Umore Azoka
2019/05/16 - 2019/05/19
Leioa
Bizkaia
Umore_naiz
AIPAMENAK

Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azokaren 20. edizioa maiatzaren 16tik 19ra ospatuko da eta 46 taldek hartuko dute parte.

Leioako Udaleko Kultura Sailak azterketa zorrotza egin du Batzorde Artistikoaren bitartez jasotako 620 proposamenen artean, eta azkenean Euskal Herriko 19 konpainia, Estatuko beste 19, atzerriko zortzi eta Tokiko Eszena ekimenean parte hartuko duten udalerriko hiru talde aukeratu ditu. Azokak 120 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu.

XX. Umore Azokan programatutako ikuskizunen erdia baino gehiago estreinaldiak izango dira. Hori dela eta, Leioara doazen profesionalek eta ikus-entzuleek aukera izango dute egungo kaleko panorama artistikoko konpainia azpimarragarrienetako batzuen orain arte ikusi gabeko proposamenak ikusteko.

Bizkaiko udalerriko kaleek erabateko 19 estreinaldi, kaleko hiru estreinaldi eta Estatu mailako zazpi estreinaldi jasoko dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Instituto Nacional de las Artes Escénicas y la Música (INAEM) erakunbearen lankidetza duen azokaren barruan.

Halaber, kaleko arte eszenikoen alorrean Euskadiko garrantzitsuena den lehiaketaren barruan Tokiko Eszena ekimena ere egingo da. Bertan, Leioako hiru adierazpen artistikok izango dute lekua. Bertako talentuaren aldeko apustua martxan jarriko den segidako hirugarren aldia izango da, aurreko urteetan izandako emaitza bikainen ondoren.

Antzerki eta zirku garaikidea izango dira programazioaren ardatzak, eta diziplina anitzeko ikuskizunek eta bestelako generoek ere presentzia garrantzitsua izango dute, besteak beste, musikak, magiak, clownek, dantza bertikal eta airekoek, txotxongiloek, harearekin egindako arteek eta musika tresnak egiteko tailer batek.

Leioan izango diren 19 euskal konpainiek 20 ikuskizun desberdin aurkeztuko dituzte, eta horietatik 14 erabateko estreinaldiak izango dira. Antolatzaileen arabera, horrek «finkatu egiten du Leioa sektorerako erreferentziazko leku gisa, 20 ediziotan kaleko sukaldean artea prestatzen eman eta gero, batez ere».

Akelar, Ana Capilla konpainia, Circo Dabitxi, Demode Quartet, Dikothomia konpainia, Garazi & Cía, Goitibera, Intujai Teatro, La Glo Zirko Dantza, Leioako Kantika Korala, Malas Compañías Zirko Taldea, Malicia! Cía., Organik, Reportero On Fire, Salitre Teatro, Toni La Sal, Tramatrakka, Trapu Zaharra eta Zanguango Teatro dira Leioan izango diren euskal konpainiak.

KOKAPENA
Zenbait lekutan
Leioa
Bizkaia
LOTURAK