Zaldibarko zabortegiarena eta izurriarena, bi hondamendi, eszena gainean Axut! eta Artedramaren eskutik

Data

22.10.14 - 22.12.11

Lekua

Lapurdi - Luhuso

Luhuson obrari azken ukituak ematen ari dira asteotan.
Luhuson obrari azken ukituak ematen ari dira asteotan. (Guillaume FAUVEAU)

Zaldibarko zabortegiko gertaerarena eta izurriarena, denboran, elkarren gainean jarri ziren bi hondamendi izan ziren. Axut! eta Artedrama antzerki taldeek disziplina anitzeko obra sortu dute hondamendi bikoitza abiapuntu hartuta. 2020ko otsailetik 2022ko otsailera arte doa kontakizuna. Zaldibarko gertakaritik hasi, handik hilabetera lehertu zen pandemiarekin jarraitu eta aurtengo neguan Ihauterien itzulerarekin amaitu.

Eszena gainean zortzi aktore: Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagüés eta Jon Ander Urresti. Dantzaria, irrati-esataria, Zaldibarko langileak, politikariak, enpresariak... gorpuztu dituzte.

«Garbi geneukan pertsonaien obra bat izan behar zuela, pertsonaiei bizitzan gainera etortzen zaienaren aurreko erreakzioa. Nork bere bizitzatik, esperientzia afektibo, profesional eta sozialetik bizi behar zuela tragedia bikoitza. Ospitaleko giroa, giro domestikoa eta Zaldibarko gertaera ikus daitezke. Azken hau fikzioa da, baina oso garbi dago zertaz ari garen», azaldu du Harkaitz Canok, obraren idazleak.

Zuzeneko musikaz, bideoz eta dantzaz osatutako ikuskizuna da ‘Hondamendia’. Maialen Belaustegi arduratu da bideogintzaz, Phlippe Ducouk sortu du koreografia eta Maite Larburuk eta Asier Ituartek musika. Eszenografia Fran Dussordek prestatu du, argiztapen diseinua Xabier Mujikarena da eta soinu diseinua Philippe Barandiaranena. Denera, agertoki gainean, 23 pertsona lanean. «Eskura dugun tresneria guztia erabili istorioa kontatzeko istorioak merezi zuelako gure onena eskaintzea», kontatu du Ximun Fuchs zuzendariak.

Axut! eta Artedrama konpainiek antzerkia ulertzeko eta bizitzeko moduarekin bat, gidoia ez dator idatzia zuzendaria eta aktoreengana. Testua bizia da, bidea egin ahala haziz eta garatuz doa. Oraingoan Ximun Fusch eta Harkaitz Canoren artean idatzi dute. «Pentsatu genuen agian bagenuela zerbait esateko artistikoki batak besteari», dio Ximun Fuchs zuzendariak.

Elkarrekin ondu dute testua Canok eta Fuchs-ek. Baita pertsonaiak definitu ere. Baina gidoia proposamena besterik ez da, aktoreek, euren inprobisazioaren bidez, aberastuz joaten direna. Bizpahiru asteko egonaldiak egin dituzte Leitzan, Errenterian, Hendaian.

«Egonaldiak luzeak eta aktoreentzako oso exigenteak dira. Intentsoak. Mekanismoa bereganatzeko daukaten modua da… eta askotan ez dugu asmatzen publikoarengana hurbiltzen atzean dagoen lan dena. Ez dugu asmatzen orohar artearen alorrean pedagogia hori egiten –egin du hausnarketa Canok–. Iparraldean bai, eskolako ikasleak entseguak ikustera joaten dira».

Astearte honetan, hain zuzen, hurbildu dira ikasleak Luhusoko Harri Xuri aretora bertatik bertara entsegua ikustera. Bertan ikusiko du argia lehen aldiz lanak urriaren 14an. Markina Xemein (urriak 16), Donostia (urriaren 21etik 30era), Eibar (azaroak 1), Arrasate (azaroak 6), Larresoro (azaroak 10), Hendaia (azaroak 18), Bilbo (azaroak 20-21), Hernani (azaroak 22), Santurtzi (azaroak 24), Lesaka (azaroak 27), Zarautz (abenduak 2), Gernika (abenduak 3) eta Leitza (abenduak 11) momentuz lotuta dituzten emanaldiak.

Kokapena

Harri Xuri Kulturgela
Errepide Nagusia
Luhuso. Lapurdi