‘Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea’ foroa
2018/11/09 - 2018/11/16
Bilbo
Bizkaia
Zinebinetworking
AIPAMENAK

‘Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea’ zine dokumentalari buruzko lehenengo foro profesionala egingo da Zinebi jaialdiaren 60 edizioan. Ekimenaren helburua bertako talentua bultzatzea eta ikus-entzunezko ekoizpenari laguntzea da. Zinebi azaroaren 9tik 16ra luzatuko da.

Ekoizten ari diren edo garapen egoera aurreratuan dauden film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu ahal izateko epea urriaren 26ra arte egongo da zabalik. Ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta adituek osatutako batzordeak proposamen onenak aukeratuko ditu foroan parte hartzeko, eta irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du.

Foroak ekoizleen eta zinemagileen garapen artistikorako eta profesionalerako plataforma izan nahi du, esperientzien, jakin-minen eta interesen trukea bultzatzeko, proiektu dokumental berrien garapenean sinergiak sortzeko modu eraginkor gisa.

Horrela, foroa Zinebin egingo da, talentu gaztea, dokumentalei buruzko ideiak eta proiektuak arrakastaz gauzatzeko moduari buruzko aholkularitza emango dieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko.

Aurkeztutako proiektu guztien artean, jaialditik kanpoko aukeraketa batzordeak eta Zinebiko zuzendaritzak onenak aukeratuko ditu. Aukeraketa horretan kontuan hartuko dira ideia, proposamen estetikoa eta produkzioaren bideragarritasun profesional eta ekonomikoa. Gainera, proiektu bakoitzaren aurkezpen publikoaren aurretik tutoretza saio pertsonalizatua egongo da, sektoreko profesionalek abalatuta.

Aurretik aukeratutako egitasmoek proiektuak prestatzeko lantegi batean hartuko dute parte Zinebiko 60. edizioaren aurreko egunetan, eta azaroaren 13an, Campos Antzokiko Kupula aretoan egingo da proiektuen aurkezpena, egun osoan. Goizez pitching edo proiektuak aurkezteko saioa egingo da batzordearen aurrean, jende guztiari zabalik; arratsaldean bilera pertsonalak egingo dira ekoiztetxeen eta zinemagileen eta espezialisten artean. Proiektu dokumental irabazlea zein den Zinebi 60ko amaiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 16an, 20:00etan, Arriaga antzokian.

KOKAPENA
Bilbo
Bizkaia
LOTURAK