Zinebi, Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Jaialdia

Data

20.11.13 - 20.11.20

Lekua

Bizkaia - Bilbo

zinebii

Azaroaren 13tik 20ra ospatuko da Zinebi Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren 62. edizioa. Guztira, 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko ditu zenbait sailetan: 89 film labur, 27 luze eta bost ertain.

Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrei eta Ana Murugarren eta Maria Eugenia Salaverri euskaldunek jasoko dituzte aurtengo Ohorezko Mikeldi sariak.

Aurtengo edizio berezia «hibridoa» izango da; hau da, filmak zinema aretoetan erakusteaz gain, zenbait proiekzio eta jarduera sarean egingo dira.

Jaialdia lau sail nagusik osatuko dute. Lehenik, nazioarteko lehiaketaren sail ofiziala zuzendari berrien lanari eskainita dago eta bi lehiaketatan banatuko da: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa. Hautaketa batzordeak 30 herrialdetako 60 aukeratu ditu sail ofizialean lehiatzeko.

Bestalde, ‘Beautiful Docs’ dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen ari dena islatzeko lehiaketaz kanpoko saila da; eta, azkenik, ‘Bertoko Begiradak’ Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako ekoizle, zuzendari, teknikari eta profesionalei eskainitako saila, lehiaketaz kanpo Euskadin ekoitzitako film labur eta film luze dokumentalak eskaintzeko.

Halaber, jaialdian aurkeztuko diren filmen %50 baino gehiago emakumeak zuzendutakoak dira programazioaren erdia baino gehiago estreinaldiak izango dira estatu mailan.

Bestalde, nazioarteko zinema garaikidean diharduten emakume eta gizon garrantzitsuen ibilbide eta dimentsio artistikoa goraipatuko du berriro Zinebik Ohorezko Mikeldia sariaren bitartez.

Aurten, batetik, Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrei emango zaie saria. Mundu osoko kritikaren eta ikusleen gorazarrea jaso dute biek beren fikziozko lanengatik. Canneseko Jaialdian bi Urrezko Palmondoa lortu dituzten zinemagile apurretakoak dira.

Bestetik, 1980ko eta 1990eko hamarkadetatik Bizkaiko zinemaren aitzindari izan diren bi emakumeren lana ere aitortuko du Zinebik: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik, eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta ekoizlearena bestetik.

Jaialdiak hainbat egoitza izango ditu aurten ere: Arriaga Antzokia, Golem-Alhondiga zinema aretoak, Azkuna Zentroko auditoriuma eta Arte Ederren Museoa. Azkuna Zentroko auditoriumeko eta Golem-Alhondiga aretoetako proiekzioetarako banako sarrerak (4,50 euro) eta hamar saioko bonuak (35 euro) erosi ahal izango dira azaroaren 1etik aurrera, aretoen leihatiletan.

Arte Ederren Museoan egingo diren ekitaldietarako sarrerak, berriz, 3,50 euro balioko du. Gainera, Zinebik bonu bereziak aterako ditu 20 euroan, erretiratu eta 60 urtetik gorakoentzat, langabeentzat eta ikasle eta 26 urtetik beherakoentzat. Inaugurazio eta itxiera ekitaldietarako sarrera sei euro balioko du.

AZKEN ORDUKO OHARRA:

Bilboko Udalak antolatzen dituen Fant Fantasiazko Zinema Jaialdiak eta Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak segurtasun protokoloak egokitu dituzte, aurtengo «edizioak seguruak izan daitezen».

Zinema aretoen edukiera erdiera mugatuko da eta espazio bakoitza garbitu eta desinfektatzeko 30 minutu gordeko dira saio baten eta hurrengoaren artean; maskarak nahitaez erabili beharko dira, ikusleen artean segurtasun distantzia bermatuko da eta gela hidroalkoholikoa izango dute eskura.

Era berean, gonbidatutako pertsonen, profesionalen, antolatzaileen eta ikus-entzuleen osasun arriskuak ahalik eta gehien gutxitzeko, zinema jaialdien antolatzaileek erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko profesionalen gonbidapenak bertan behera uztea; horrela, saioen kopurua murriztu egingo da.

Sarean, FestHome plataformaren bidez, Sail Ofizialean parte hartzen duten filmak ikusi ahal izango dira; Filmin plataforman, berriz, ZIFF-Zinebi First Film lehiaketa sailean parte hartuko duten bederatzi film luzeak ikusi ahalko dira, guztiak ere estreinaldiak estatuan.

Halaber, Filminen bertan, Beautiful Docs lehiaketaz kanpoko saileko bederatzi dokumental luzeeetatik zortzi egongo dira eskuragarri. Hortaz, egile hauen azken lanak aurkeztuko dira: Frederick Wiseman -'City Hall'-, Jia Zhangke -'Swimming Out Till the Sea Turns Blue'-, Ulrike Ottinger -'Paris Calligrammes'- eta Eléonore Weber -'Il n'y aura plus de nuit'-.

Bestalde, Zinebi Networking Dokumentalen Sorgunea Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren hirugarren edizioari dagokionez, hilaren 17an sarean egingo da. Ekitaldia Zinebiren web orriaren bidez egongo da ikusgai, doan. Dokumental luzeen zortzi proiektu lehiatuko dira pitching saio batean, 10.000 euroko saria eskuratzeko.

Kokapena

Arriaga eta beste lekuak
Arriaga Plaza, 1, 48005
Bilbo. Bizkaia

Loturak

Zinebi