Zinegoak, Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdia
2018/02/19 - 2018/03/04
Bilbo
Bizkaia
Zinegoak_naiz
AIPAMENAK

Zinegoak Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 15. edizioak, otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte ospatuko dena, «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatuko du.

Egitarauaren alderik indartsuena lehenengo astean izango da, egun horietan izango baitira lehiatuko diren film guztien lehen emanaldiak. Bigarren astea emanaldiak errepikatzeko eta jarduera osagarriak antolatzeko momentua izango da. Guztira, 135 jarduera eta proiekzio baino gehiago eskainiko ditu hitzorduak.

Jaialdiaren lantaldearen ideia nagusia da «ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela, eta arau sozialek eta estetikoek ezin dituztela mugatu gure maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak».

Horrela, aldarrikapen hori jaialdiaren antolaketaren hasieratik egon da presente: kartelaren ilustrazioa hautatzeko orduan, lanak aukeratzerako orduan edo Emilie Jouvet zinemagileari Ohorezko Saria ematea erabakitzeko orduan. «Izan ere, Jouvetek intimitatea eta gorputza borrokarako eta militantziarako tresna bihurtu ditu, zinema eta argazkigintzaren bidez», gaineratu dute.

Programazioari dagokionez, Estatu mailako 22 eta Europa mailako hiru estreinaldi izango dira. Gainera, mundu mailako bi estreinaldi izango dira: ‘Nove de Novembro’, Lázaro Louzaoren lehen lana, galegoz grabatutako lehenengo LGTB pelikula, eta ‘Enfemme’, Alba Barbé i Serra zuzendariarena, crossdressing munduaren inguruan.

Aurtengo edizioaren Ohorezko Saria Émilie Jouvet argazkilari, zuzendari eta produktorearentzat izango da. 2006. urtean, Frantziako lehen film queerra, lesbikoa eta transgeneroa zuzendu zuen, ‘One Night Stand’, eta sari ugari jaso zituen nazioarte mailan.

Horrez gain, jaialdiak bere ohiko atala izango du film laburren arloan (Begiradak), Off atalak izena aldatu eta Narratiba Berriak deituko da, Argitutako Klasiko Ezkutuen zikloa izango da, eta Bilgune atalean bi gai nagusi landuko dira: memoria historikoa (Federico Garcia Lorcaren erailketaren ingurukoa) eta pinkwashing izeneko kontzeptuaren inguruko eztabaida.

Gainera, otsailaren 14an, 3, 2, 1... Zinegoak! hasiko da, hainbat elkarte eta erakunderekin batera: Guggenheim Bilbao Museoa, Pikara Magazine, Sare Lesbianista, Sala BBK...

 

KOKAPENA
Zenbait tokitan
Bilbo
Bizkaia