Zinegoak presentzial zein birtuala izango da martxoaren 1etik 14ra

Data

21.03.01 - 21.03.14

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Edizio berriaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zinegoak jaialdiak prest du 18. edizioa. Aurten martxoaren 1etik 14ra egingo da eta osasun-krisiak jaialdia baldintzatu duen arren, Zinegoak-ek aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egin du. Filmin plataforman leiho digitala ere irekiko du. 

Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia astearte honetan aurkeztu da. Edizio honetako leloa ‘Zalantza izpirik gabe’ da, eta horrek lotura zuzena du Zinegoak-eko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin. «Beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan», nabarmendu dute antolatzaileek.

Aurreko edizioen ereduari jarraiki, jaialdiak hiru sail ofizial izango ditu bere programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alondegian proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte. «Gaurkotasun handiko gaiak izango ditugu: belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak...».

18 film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa eta gero, Filmin-en leiho birtuala irekiko da. Bertan jaialdiko film luze guztiak ikusi ahal izango dira. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira (egunero bana sail bakoitzeko) eta gehienez 72 ordu egongo dira ikusgai.

Film laburrei dagokionez, Zinegoak-ek gai ezberdinei buruzko sei ziklo ezberdin antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai, 18.00etan, doako sarrerarekin. Haurtzaroa-Nerabezaroa edo Emakume zuzendariak ohiko zikloekin batera, Drag life eta Erresilientziak ziklo berriak ere izango dira. Halaber, LGTBI+ Nagusiak zikloa berreskuratu da eta urtero bezala Euskal Begiradak, Euskal Herrian sortutako ekoizpenak eskainiko dira.

Horrez gain, Arriaga Antzokian hasiera ekitaldia ospatuko da martxoaren 1ean, eta bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren ‘Red Bay’ film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Ekitaldirako sarrerak otsailaren 24tik aurrera eskura daitezke antzokiaren webgunean bertan.

Gainera, Zinegoak-ek ere ziklo berezi bi antolatu ditu BilbaoArten. Alde batetik, Sébastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko Saridunari buruzko atzera begirakoa; eta, bestetik, ‘Brasil transbertsala‘ ziklo berezia, trans pertsonek Bolsonaroren Brasilen bizi duten egoeraren ingurukoa.

Beste urte batez, jaialdia Bilbon amaitzen denean, Zinegoak herriz herriko ibilbideari ekingo dio. «Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiago izango ditugu Zinegoak Hedapenean parte hartzen, 50 proiekzio baino gehiagorekin. Gainera, udalerri batzuek lehen aldiz parte hartuko dute Hedapenean, besteak beste, Orio, Eskoriatza eta Aduna», kontatu dute. Zerrenda osoa webgunean kontsulta daiteke.

Gainera, lehen aldiz, Zinegoak-ek beste egoitza ofizial bat izango du Bilborekin batera. Zinegoak eta Euskal Zine Bileraren arteko lankidetzari esker, Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta proiekzioak izango ditugu martxoaren 6tik 8ra arte: ‘Valentina’ film luzea eta Euskal Begiradak eta Emakume zuzendariak film laburren zikloak.

Kokapena

Golem Alhondiga zinemak
Arrikibar Plaza, 4
Bilbo. Bizkaia