Zinema mantapean, Iruñeko LABA Aretoan
Data
22.10.23 - 23.02.12
Lekua
Nafarroa - Iruñea

Iruñeko LABA kultur elkarteak Igandeak Mantapean zinema zikloa prestatu du udazken-negu honetarako Iruñeko Gazteluko Plazan duen lokalean. «Saioen helburua euskarazko zinezaletasuna eta zinemari buruzko ezagutza sustatzea da, neguko igande hotzetarako elkartzeko parada bat eskaintzeaz gain» antolatzaileen esanetan.
Lau igandetan, inguruko zinemagile entzutetsu bana gonbidatuko ditu, euren film kuttunez mintzatzera. Honakoak izango dira datak eta gonbidatuak: urriaren 23an Marina Lameiro ‘Paris Texas’ (Wim Wenders, 1984) filmaz aritu da.
Azaroaren 20an, berriz, Oskar Alegriaren txanda izango da. ‘Forever’ (Heddy Honigmann, 2006) hautatu du.
Urtarrilaren 29an Josu Martinezek ‘Xalbador, gaztain kormutxa’ (Juanmi Gutierrez, 1980) lana hartuko du hizpide.
Eta otsailaren 12an Arantza Santestebanek ‘La marche des femmes à Hendaye’ eta ‘Les mères espagnoles’ (Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder, 1975) aletuko ditu.
Saio gutziak 18.00etan hasiko dira eta hitzaldiak euskaraz izango dira. Filmeen irudiak, aldiz, jatorrizko bersioan proiektatuko dira euskarazko azpidatziekin.
Sarrera doakoa izango da.
Euskaraz, Iruñeko bihotzean
Iruñeko euskaldunon komunitatearentzako elkargunea izateko bokazioz sortutako egitasmoa da LABA, Iruñeko hiriaren bihotzean, Gazteluko plazan. Badu sinbolismotik ere, euskara bazterretik erdigunera eraman nahi baitute sustatzaileek. «Ikusgarri eta entzungarri egin, erakargarri, eskuragarri. Jauzi bat eman nahi dugu, euskararen alde egotetik euskaraz egitera, baita ari garela ohartu gabe ere. Ez dugu gure burua aldiro justifikatu beharrik, askoz sinpleagoa da: Iruñean bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizi gara. Hiriari aurrez aurre mintzatu, hiriari eman, eta hiritik hartu», adierazi zuten herritarrei ateak ireki zizkienean.
Kokapena
LABA Aretoa
Gazteluko Plaza, 2
Iruñea. Nafarroa