
Urritik apirilera bitartean ‘Zinetek’ zikloa ospatuko da Hernaniko Orona Ideo eraikinean. Helburua gazteak enpresa eta berrikuntza alorretara hurbiltzea izango da.
Guztira, sei film proiektatuko dira, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko zenbait ikaslek aurkeztuko dituztenak, eta haiek antolatuko dituzte proiekzioen ondorengo mahai inguruak ere. Eztabaidagune izango dira ekitaldiak, ikasleek etorkizunean beharko dituzten zenbait gaitasun gara ditzaten, batez ere lan mundurako baliagarriak, hala nola talde lana, proiektukako kudeaketa edo komunikazio trebetasuna.
Hortaz, ikusgai izango diren sei filmak ondoko hauek dira: ‘Modern Times’ (Charles Chaplin), urriaren 31n; ‘It's a Free World...’ (Ken Loach), azaroaren 28an; ‘Exam’ (Stuart Hazeldine), abenduaren 12an; ‘Dark City’ (Alex Proyas), urtarrilaren 30ean; ‘Soylent Green’ (Richard Fleischer), otsailaren 27an; ‘Bienvenidos a Farewell-Gutmann’ (Xavi Puebla), apirilaren 24an.