Zortzi Nobel saridun gonbidatu ditu Passion for Knowledge zientzia jaialdiak

Data

23.10.02 - 23.10.07

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Astelehen honetan aurkeztu da zientzia jaialdia.
Astelehen honetan aurkeztu da zientzia jaialdia. (DIPC)

Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren eskutik, aurtengo Passion for Knowledge (P4K) zientzia jaialdiak zortzi Nobel saridun eta nazioarteko zientzialari entzutetsu ugari bilduko ditu, guztiak ere azken hamarkadetako aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuen protagonista. «Luxu benetakoa guztion eskura, harrotasunez ospatzeko zientziak gizateriaren mesedetan eman duen urrats bakoitza», nabarmendu dute arduradunek.

Passion for Knowledge jaialdiak irudi berria du aurten, eta publiko mota ororentzako jarduera programa zabala. Astearte honetatik hilaren 7ra, Donostian, Bilbon eta beste herri batzuetan egingo den jaialdiaren edizio berri batean.

Zientzia, kultura

Passion for Knowledge jaialdiaren helburua da zientzia funtsezko kultura jarduera gisa sustatzea, hurrengo belaunaldien ongizateari laguntzeko eta ezagutza nabarmentzeko zientzia, teknologia eta kultura aurrerapenaren eragile gisa.

Era askotako ikusle-entzuleentzako jarduera sail batekin osatu da programa: Bigarren Hezkuntzako ikasleekiko topaketak, ikertzaile gazteentzako dibulgazio saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, bertso saioa, Naukasen kolaboratzaileen eta streameren dibulgazioa, proiekzioak...

Jaialdiaren egoitza nagusian —Victoria Eugenia antzokian— arratsaldez egiten diren hitzaldi nagusiak dira jaialdiaren egitarau zabalaren jarduera bereizgarria. Zenbait Nobel saridunen eta zientzia diziplina askotariko nazioarteko izen handien eskutik, ikus-entzuleek fisika kuantikoaren, kimikaren, biomaterial adimendunen, botanikaren edo bioteknologiaren berri izango dute.

Gonbidatuak

Aurtengo gonbidatuen artean, besteak beste, hauek izango ditugu: Özlem Türeci, zeina giltzarri izan baita COVID-19aren aurkako txertoaren lasterketan; Didier Queloz (2019ko Fisikako Nobel sariduna), lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage (2016ko Kimikako Nobel sariduna), makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, zeinak Fisikako Nobel saria jaso baitzuen 2018an laserren eremuan egindako ikerketa aitzindariari esker; Dario Gil, IBMko presidenteordea eta IBM Researcheko zuzendaria, non konputazio kuantikoko munduko laborategirik handiena garatzen baitihardute; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsarren aurkitzailea. Luxu benetakoa, guztion eskura, eta, gainera, saio bereziak Euskalduna Jauregian eta Beasaingo CAF enpresan.

Bertso Passion

Tradizioak agindu bezala, Victoria Eugenia antzokian, gainera, Bertso Passion ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. Bertsolaritzaren izen nabarmenetako batzuk entzuteko aukera izango da, hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña; horretaz gainera, Naukas Passion-en saio ezagunak ere izango dira, non zientziaren dibulgazioan eta komunikazioan diharduten Espainiako zenbait izen ospetsuk parte hartuko baitute. Aurten, gainera, formatu berri bat estreinatuko du jaialdiak: Streamer saioak; Espainiako eduki zientifikoko streamerik onenak oholtzara igoko dira, eta hainbat gai zientifiko eta teknologikoren azken aurrerapenak partekatuko dituzte guztiokin.

Jaialdiaren aurtengo edizioan ere, ohi bezala, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eta punta-puntako ikertzaileen arteko Topaketa jendetsuak egongo dira; aurten, bost Nobel saridunek parte hartuko dute topaketotan. Topaketon helburu nagusia da gazteengan —bereziki, neskengan— zientzia ezagutzeko jakinmina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea. «Aukera paregabea da ikasleei ezagutzarekiko grina helarazteko», adierazi dute gaurko aurkezpenean.

Halaber, ‘STROM - Astronomia inklusiboa’ izeneko astronomia-erakusketa berritzaile bat inauguratuko da jaialdiarekin batera. Erakusketa horrek ateak zabalduko dizkio inklusioari, eta, hala, ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako esperientziak eskainiko ditu: esate baterako, aukera emango du planeten gainazala eta Ilargiaren kraterrak hatzez ukitzeko edo Eguzkiak egiten dituen soinuak entzuteko. DIPCk berariaz Passion for Knowledge jaialdirako, eta Tabakalerarekin elkarlanean, antolatu du erakusketa, eta urriaren 4tik 31ra bitartean bisitatu ahal izango da Tabakalerako hirugarren solairuan.

Asteburuan, bestalde, Passion Txiki egingo da Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Txikientzako zientzia jaialdi txiki bat da, Kutxa Fundazioaren laguntzari esker antolatua, esperimentu-tailerrak, ipuin-kontalari zientifikoak, jokoak eta beste zenbait jarduera eskainiko dituena etxeko txikientzat.

Informazio gehiago webgunean.
        


Kokapena

Victoria Eugenia Antzokia
República Argentina, 2
Donostia. Gipuzkoa