Zuzeneko musika eskaintza Sormene jaialdian

Data

22.05.13 - 22.05.13

Lekua

Bizkaia - Galdakao

Neona taldea. Ezkerretik eskuinera: Arruti, Izagirre, Mendizabal, Rodriguez eta Insua.
Neona taldea. Ezkerretik eskuinera: Arruti, Izagirre, Mendizabal, Rodriguez eta Insua. (Ibai Arrieta | Ibai Arrieta)

Asteburu honetan Sormene jaialdia ospatuko da Galdakaon. Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko sortu den egitasmo honetan, kultur sorkuntza jarriko dute erdigunean. Bide horretan ekimen ezberdinak antolatu dira, eta zuzeneko musikak garrantzi handia izango du ostiral eta larunbat arratsean. Ahotsenearekin elkarlanean 2022 honetan diskoa kaleratu duten zazpi talde zuzenean ikusteko aukera izango da Kurtzeko plazako kokatua dagoen karpan. Berriki kaleratu diren zazpi disko zuzenean ezagutzeko aukera paregabea izango da honakoa. Talde bakoitzak orduerdiko saioa egingo du eta emanaldiak doakoak izango dira.

Maiatzak 13, ostirala

Ostiral arratsean hiru talde ariko dira zuzenean karpan. 18.00etan Andoaingo Dukkha taldea igoko da agertokira. Hiruko moduan taularatzen den banda da honakoa, musikalki moldaera ezberdineko rock musika landuz, elektronika ukituei muzin egin gabe betiere. Odolaren Mintzoa izango da taula hartuko duen hurrengo taldea. Hirugarren iraupen luzeko diskoa aurkeztuko du Galdakaon laukoteak, ‘Hauskor’ izeneko lana. Usurbilgo bandak kanta sendo eta melodikoak lantzen ditu, zuzeneko indartsuaz. Eguneko azken taldea Keia izango da. Zarautz eta Oñatitik, ‘Erregaia’ diskoa aurkeztuko dute, pasa den otsailean argia ikusi zuen debuteko disko luzea. Eguna borobiltzeko #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna taularatuko dute Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador musikariek.

Maiatzak 14, larunbata

Larunbat arratserako ere musika proposamen interesgarria proposatzen zaigu Ahotsenetik. Natali Izagirre abeslariaren ekimenez sortu zen Neona taldea 2021 urtean. Duela hiru urte bakarkako diskoa kaleratu zuen Natalik, eta diskoa aurkezteko banda bat osatu zuen, berak bakarka sorturiko kantak jantzi eta zuzenean taularatzeko. Abiapauntu horretatik sortu zen Neona taldea, eta garaian Nataliren banda izan ziren Gorka Mendizabal, Andres Insua, Oihana Rodriguez, Ixak Arruti eta Natali Izagirre bera dira egun Neona. Nataliren gisara, bakarkako bideari ekin zion Tristtan Mourguy musikari lapurtarrak duela zenbait urte, eta egun Murgi bezela sinatzen ditu diskoak Cedric Lepine eta Greg Juvin musikariak lagun. Hirukoaren azken emaitza ‘Jitoan’ izeneko lana da, eta bertan taldean sorturiko bederatzi kanta biltzen dira. Aurten kaleratu den beste disko bat Islabat egitasmoaren ‘(K)ito’ diskoa da. Labetik atera berri dela esan daiteke, 2022ko martxoan argitaratu baizen lana. Islabat izenaren atzean Asier Olabarrieta (Hiri asko bere baitan, Zisma, HHD) topa dezakegu, musika abentura ezberdinetan ibilitako musikaria. Larunbateko musika eskaintza Gilda taldeak itxiko du. Donostiatik datorren hiruko banda gaztea da honakoa, eta besapean ‘Egin Albora’ (Balio Dute) diskoa dakarte. Amagoia Aiestaran (Baxua eta Ahotsa), Maialen Aiestaran (Bateria eta Ahotsa), eta Anabel Toral (Gitarra eta ahotsa) dira Gilda eta zuzeneko emanaldietan formazio horrekin taularatuko dira.


MAIATZAK 13 OSTIRALA

18:00 - 20:30
Disko berrien aurkezpenak Ahotsenearekin elkarlanean. 30 minutuko saioak.
18:00 Dukkha
19:00 Odolaren Mintzoa
20:00 Keia
21:00 #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador

MAIATZAK 14 LARUNBATA

18:00 - 22:00
Disko berrien aurkezpenak Ahotsenearekin elkarlanean. 30 minutuko saioak.
18:00 Neona
19:00 Murgi
20:00 Islabat
21:00 Gilda

Kokapena

Sormene
Kurtzeko plaza
Galdakao. Bizkaia

Loturak