Naiz+ Naiz+

Antzerkiaren nazioarteko eguneko mezua

Antzerkiaren nazioarteko egunaren harira, Dario Fo antzerkigileak idatzitako manifestua euskaratu du Iñaki Iñurrietak http://armiarma.com/mizkak/?antzerki-fo eta Bilbon hainbat aktorek mezua irakurri dute, bideo honetan jaso dute:

Armiarma.com

ANTZERKIAREN NAZIOARTEKO EGUNEKO MEZUA
Dario Fo

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna, 2013
Iñaki Iñurrietak euskaratua

Aspaldi batean, botereak erabaki intolerante bat hartu zuen komedianteen kontra, eta herrialdetik kanporatu zituen.

Gaur egun, aktoreek eta antzerki-konpainiek, krisia dela-eta, zailtasunak dituzte agertoki publikoak, antzokiak eta ikus-entzuleak aurkitzeko.

Ondorioz, orain agintariak ez daude kezkatuta, ironiaz eta  sarkasmoz barre egiten zietenak kontrolatu behar dituztela-eta, dagoeneko ez baita lekurik aktoreentzat, ez baita ikus-entzulerik ere.

Italiako Berpizkundean, aldiz, gobernatzen zutenek ahalegin handia egin behar izan zuten komedianteak arrastoan sartzeko, ikus-entzule ugari biltzen baitzituzten.

Gauza jakina da Commedia dell’Arteko aktoreen exodo handia Kotrarreformaren mendean gertatu zela, Kontrarreformak antzoki guztiak desegitea agindu baitzuen, batez ere Erroman, non salaketa larria egin baitzieten: hiri santua iraintzen zutela.

1697an, Inozentzio XII.a Aita Santuak, burgesiaren adar kontserbadoreenaren eta eliz gizon nagusien eskari atergabeei men eginez, Tordinona Antzokia desegiteko agindu zuen; moralisten arabera, han ematen omen ziren antzezpen lizunik gehienak.

Kotrarreformaren garaian, Karlos Borromeo kardinalak, Italiako iparraldean ziharduela, ‘Milango haurrak’ erredimitzeari ekin zion bete-betean, eta argi eta garbi bereizi zituen artea, hau da, hezkuntza espiritualaren adierazpide gorena, eta antzerkia, profanotasunaren eta hantukeriaren agerbide zena. Laguntzaileei zuzendutako gutun batean —buruz ari naiz—, honela mintzo da gutxi gorabehera: “Belar gaiztoak erauzteko asmo sendoa dugunok ahalegin guztiak egin ditugu diskurtso lotsagarriak dituzten testuak erretzeko, gizakien oroimenetik erauzteko, eta aldi berean testu inprimatu horiek zabaltzen dituzten guztiei jazartzeko. Bistan denez, ordea, gu lotan ginen bitartean deabruak maltzurkeria berrien bidez jardun du. Zenbat zorrotzago sartzen den ariman begiek ikus dezaketena, halako liburuetan irakur dezaketena baino! Zenbat galgarriagoa den nerabe eta haurren gogoentzat ahozko hitza eta keinu egokia, liburu batean inprimatutako hitz hila baino! Beraz, nahitaezkoa da antzerki-jendea gure hirietatik kanporatzea, jendaila eta gizatxarrekin egiten dugun bezala”.

Hala, bada, krisiarentzako konponbide bakarra sorgin-ehiza handi bat antolatzea da, horretan dute jarria itxaropena, sorgin-ehiza bat gure kontra, eta batez ere antzerkiaren artea ikasi nahi duen gazte-jendearen kontra: aurki dator komedianteen diaspora berri bat, bortxaz derrigortua; baina, ezbairik gabe, onura imajinaezinak ekarriko ditu horrek antzezpen berri baten alde.