Naiz+ Naiz+

Aspaldiko eta oraingo erbesteratuak

Euskal Herriaren historiaren parte da, izaten jarraitzen du, erbesteak. CEAR elkarteak 1936ko gerraren baitan Euskal Herritik ihes egin behar izan zutenen eta gaur egun euren aberria utzita Euskal Herrira datozenen arteko antzekotasunak jaso ditu bideo honetan.

Ana Mary, Hady, Augustine eta Igor dira ‘Erbestea ezagutu genuen. Babesleku izan gaitezen’ izenburua daraman bideo honetako protagonistak. Ana Maryren familiari Mexikok eman zion asiloa 45 egun itsasoan noaerezean ibili ostean; Igor, berriz, Polonian hasi zen, haren familiak frankismoaren atzaparretatik ihes egin ostean. Malitik ihesi iritsi da Hady eta Kongoko Errepublika Demokratikotik ihesi iritsi da Augustine.

Ane Garay da proiektuaren arduraduna eta bere esanetan «Istorio horiek guztiek ezaugarri komun asko dituzte: jazarpena, ihesa, bidaia, iristea, zerotik hastea, deserrotzea, nostalgia, itzuli ahal izateko itxaropena eta gizaki gustiok dugun ahalmen harrigarria zoritxar handienen aurrean ere geure burua sortzeko».

36ko gerrako erbestea eta ihesa gogoratu ostean, egoerak behartuta gaur egun euren sorterritik ihesi egin behar izan dutenak 65 milioitik gora herritar direla gogoratu du CEAR elkarteak ekimenaren berri ematek oharrean. Gerra, eredu kapitalistaren ondrioz ondasun naturalen espolioa eta emakumeen edo LGTBI komunitatearen aurkako indarkeriak aipatu dituzte arrazoien artean.

CEAR-en arabera herri honi dagokio orain «gurera datozen pertsona horiek gizatasunez hartzea. Hartzea eta besarkatzea, lagun egitea, partekatzea eta batera bizitzea. Duela urte batzuk beste herri batzuk gu hartu gintuzten eta gure txanda da orain».

‘Memoria partekatuak’ egitasmoaren parte

Bideoa ‘Memoria partekatuak’ egitasmoaren baitan kokatzen da. Ikusentzunezko honez gain ‘Tras la frontera’ antzezlaneko une batzuk bilduz argazki koaderno bat osatu dute eta Javier de Isusi artista grafikoaren Asylum komikia.

Errefuxiatuen laguntzarako elkartearen webgunean, kanpaina honen inguruko informazio gehiago: cear-euskadi.org