Naiz+ Naiz+

Badator Zapato Azule! Auiminyulinbluu!

Radixu. Larunbatean, hilak 30, izango da Zapato Azule ekimena. 1998an Bolo-Bolo herri aldizkarikoek sortu zuten Herri Jai hau Ondarroako Alde Zaharra (Zubi Zaharraren ingurua) indartzeko asmoagaz eta aspaldiko San Pedro eguna era barrituan berreskuratzeko, eta Bolo-bolo proiektu komunikatiboa sustatzeko premiazko diru iturri lez erabiltzea jai hau. Azken urteetan Bolo Bolok RADIXU IRRATIAri eman dio antolakuntzaren ardura.


EsneBeltzak abestia egin du aurtengo saiorako.

Jai honen barruan txitxarroak, taloak, euskal dantzak, ikuskizun desberdinak eta gehien bat giro bikainaz gozatzeko aukera dago. Ondarrutartasunaren jai leihoa izanik, ondarrutarren bizi-poza ulertzeko aukera paregabea da. Festa honen barruan Euskal Herriko Kamiseta Azoka egiten da Latxanbren Plazan (Zubi Zaharraren alboan), DINAMARTXA eta MENDI MARTXA antolatzen dira. Egun honetan, derrigorrezkoa da mahoiez edo arrantzale janztea.

DINAMARTXA

Bizikleta martxa bat da, Tolosatik Ondarroaraino, Karibeko uretan desagertu zen DINA BILBAO ondarrutar txirrindulari, triatleta eta abenturazale ospetsuaren omenez, bere bizitzako herri garrantzitsuenak oroimenaren ikustezineko ari batekin elkarrekin lotuz.

TOLOSATIK ONDARROARAINO, MENDIZ MENDI

Gauez egiten den mendi ibilaldi hau ere, azken urteetan, Zapato Azuleko ekimenen barne gehitu da Ondarruko mendizaleei esker.

EUSKAL HERRIKO 15. KAMISETA AZOKA

"ZAPATO AZULE EGUNA" herri jaiaren inguruan ospatzen den Euskal Herriko Kamiseta Azokan, berriz, Euskal Herriko txoko ezberdinetako kamiseta eta diseinu ikusgarrienak ikusi ahal izango ditugu.

Kamiseta Azokaren partaideak epai mahaikideak izanik, Euskal Herriko Kamiseta Hoberenaren ohorezko saria aukeratzen da. Irabazleak garaikur bezala ESTROPUA (bogan egiteko arrauna batelaren toletari lotzeko erabiltzen den soka) oinarri duen harrizko BOLO bat eta urteko irabazlea dela ziurtazen duen diploma bat jasotzen du.

Euskal Herriko kamiseta hoberenaren lehiaketaren irabazleen artean, orainarte, guztien gainetik gailendu dena Tolosako TARTALO dugu; 1998, 1999, 2000, 2001, 2002, 2007 urteetan atera baitira garaile. Beste irabazleak hauek dira; Algortako NAHIA (2003), Donostiako TXOKOLARTE (2004), Bilboko LUNA-LEIRE (2005), Markinako GAITTUN (2006), Bermioko IBILALDIA (2009), Hernaniko AIKO MAIKO (2010),...