Naiz+ Naiz+

Braulia erraldoia ihesi, dantzatzeari utzi ezinik

Larunbatean dantzan jarriko da Nafarroa. Izan ere, Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiak, DNA jaialdiak, 15 dantza-ikuskizun antolatuko ditu  larunbatetik ekainaren 3ra bitartean. Nafarroako 9 herritan izango dira ikuskizunak, Iruñean, Barañainen, Huarten, Noainen, Atarrabian, Lesakan, Aoizen, Altsasun eta Tuteran, hain zuzen ere.

Programak lengoaia artistikoen dibertsitatearen, nazioartekotasunaren eta komunitatea, ekopolitika eta etorkizuna kontzeptuen aldeko apustua egiten du aurten.

DNA 2017 jaialdiaren berri emateko spotak, orain ordu gutxi jaialdiaren beraren facebook kontuan zabaldutakoa, arrakasta itzela lortu du.

Iruñean biziki maitatua den Braulia erraldoia da protagonista. Dantzatzeari utzi ezinik, Ameriketako erregina gainontzeko kiliki eta erraldoiak atzean utzi eta Iruñeako kaleetan barna murgiltzen da.