Naiz+ Naiz+

Dantzan bizi, bizi gara dantzan.com!

Dantzan.com Iratzarri da hartza. Negua, udaberria eta uda ere eman ditugu lezean, baina azkenean hemen dago berriz ere dantzan.com, ilusioz eta bizipozez beteta. Babesa, laguntza eta dantzen bizitzeko gogoa eskaini duzuen guztioi esker, berpiztu da dantzan.com. Ea denon artean dantzan mantentzeko gai garen. Bizi dantzan!

Babes zabala
Itxi eta berehala, dantzan.com-en aldeko babes taldea antolatu zen eta zenbait ekimen jarri zituen abian. Sinadura kanpaina antolatu eta mila eta seiehun atxikimendu jaso dira. Commando Dantzan izeneko dantza-bideo kolektiboa antolatu zen eta hemen dator horren emaitza. Proiektuari sostengu ekonomikoa emateko asmoz zenbait ekimen aztertzen ari dira eta datozten asteotan izango dugu horien berri.

Erakundeen ahalegina
Krisi ekonomiko larriaren testuinguruan gertatu da dantzan.com-ek bere jarduerak eten beharra, eta erakunde publikoetan alor guztietan antzematen ari dira murrizketak. Kezkaz eta interesez jarraitu dituzte erakunde publikoetako ordezkariek dantzan.com-en premien xehetasunak eta ahalegina egin dute beren aurrekontuetan aintzat hartzen.

Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta diru-laguntza izan du dantzan.com-ek berriz ere dantzan hasi ahal izateko. Martxan jarri ahal izateko adina bildu dugu, baina ez luzaroan segitzeko. Horregatik, denon artean indar egiten eta bultzatzen jarraitzera gonbidatu nahi zaituztegu, adibidez, dantzan.com-en parte hartuz eta zuen ekarpenak eginez.

Dantzan.com komunitatea
Webgunea biziberrituta dator, eta besteak beste, erabiltzaileon parte hartzera gehiago irekita. Dantzan.com-en ekarpenak egitera gonbidatu nahi zaituztegu, eta horretarako dantzan.com-en komunitatean sartu. Izen-ematea oso erraza da, eta behin sartuta erantzunak, agendarako hitzorduak, albisteak, bideo proposamenak, eta abar egin ahal izango dituzue.

Ongi etorri berriz denori!