Naiz+ Naiz+

Dantzan, kantuan eta lasterka, euskara eta gaelikoaren alde

Urteetan egoera gutxituan eta bazterrean izan da gaelikoa Irlandan. Azken hamarkadetan ostera, hizkuntza zeltiarra plazara atera eta bere erabilera sustatzeko bideak bilatzen dabil. Gaelikoari adorea eman eta haren aldeko atxikimendua sustatu nahian ekimen ugari egin dituzte azken urteotan. Azkena, ‘Nós’ aldizkariak eta Coláiste Feirste bigarren hezkuntzako eskolak elkarlanean egindako Lip Dub ederra.

 Euskal Herrian egiten dugun moduan, Irlandan ere bi urtetik behin arineketan zeharkatzen dute herrialdea gaelikoaren aldeko Rith lasterketan. 2010ean egin zuten lehen edizioa eta, Korrikarekin guk egiten dugun bezala, bi urtero antolatzen dute.

Aurten ez da Rith jaialdirik egongo, bai, ordea, Korrika. Martxoaren 30ean ekingo dio bideari Otxandion eta bi astez arituko da euskara gure bazterretara hedatzen.

Antolatzaileek kilometroz kilometro ibilbidea josten diharduten bitartean, Korrika hauspotzeko ekimenak non nahi dira. Lekeition, Irlandako bizilagunen pare, dantzan eta kantuan berotu nahi izan dute giroa. ‘Zirkorrika’ abestia oinarri hartuta, hamarnaka lekeitiarrek 20. Korrikaren aldeko lip dub-a egin zuten pasa den martxoaren 5ean. Egun gutxiren buruan, bideoak 11.000 ikustaldi baino gehiago eduki ditu.

Ez da euskararen lasterketaren alde aurkitu dugun LipDub bakarra. Leioan ere, Barandiaran institutuko ikasleak ez dira atzean gelditu!

Ordu txikitan igaroko da Korrika Barakaldotik, barakaldarrak, baina, itzartu eta euskararen alde lasterketan aterako direla argi dute eta hala zabaldu dute lau haizeetara.

Korrikarako entrenatu eta haren etorrera dantzan itxaron nahi duten guztientzako aurtengo Korrikaren kantaren koreografia egin dute Lizarrako euskaltegiko lagunek. Goazen ba!