Naiz+ Naiz+

Emakumeen borroka, ezinbesteko iraultza ikustezina

Dsc_0147
libano

Libanotik  bidalitako azken kronika.

Errefuxiatu moduan bizitzea ez da erraza. Etxea, lana, familia eta herrialdea galtzeaz gain Libanon bigarren mailako hiritar bilakatzen dira errefuxiatuak. Egoera larri honetaz gain, emakumeek, hau guztia zeharkatzen duen zapalkuntza pairatu behar dute: patriarkatua.

Emakumeen rola argia da errefuxiatu guneetan: etxebizitzaren kudeaketa, zaintza eta ugaltze lanak. Medikuen iritzian benetako arazoa da azkenengo hau. Alde batetik, askotan erditzen dituzten haur kopurua ez dagoelako haien esku, eta bestetik, osasun arazo larriak garatzen dituztelako kanpalekuen baldintza desegokiak direla eta. Gerratik ihesi eta senar gabe datozen emakumeek gainera, komunitatearen bazterkeria jasan dezakete etxean gizonik ez egoteagatik. Honez gain, emakume gehienak ikasketarik gabe heltzen dira Libanora. Hainbat elkarteek egoera honi aurre egiten diote. Emakumeei lana lortzeko ikasketak eta lege aholkularitza eskaintzen diete. Baina, esan dugunez, emakumeak zaintza lanetaz arduratzen dira eta, honen ondorioz, kanpoan lan egin ez ezik etxeko lan guztia eurek egin behar dute. Sistema patriarkalean gainera, berezkoa den emakumeekiko indarkeria erantsi behar zaio. Egoera larria bada ere, erakunde askoren ustez aurrerapausoa da emakumeek honi buruz hitz egiten hastea. Aurreko hamarkadetan pairatutako tratu txarrak normalizatu zituzten, baina gutxinaka honen kontra egiten hasi dira. Gaur egun, adibidez, “indarkeria” hitza erabiltzen hasi dira. Horrelako aldaketak benetan garrantzitsuak dira, kontzeptu honen erabilera indarkeri honen normalizazioaren aurkako ekintza da eta.

Emakumeak hasi dira, bada, egoera honen inguruan kontzientzia izaten, eta geroz eta espazio propio gehiago sortu dituzte. Gune hauen oinarrietako bat emakumeen ahotsa entzutea da. Lan komunitarioa egiten dute maiz, batak besteari laguntza eskainiz. Esparru hauetan lan garrantzitsua egiten duen erakunde palestinar bat Najdeh Association da. Gerra zibilaren testuinguruan sortua, errefuxiatu eremu guztietan emakumeen behar ezberdinei aurre egiten die. Emakumeentzat zerbitzuak eskaintzen hasi zen baina egun, hainbat programa antolatzen ditu: lege aholkularitza, laguntza psikologikoa, haurtzaindegia, indarkeri matxistaren aurkako kanpainak, ahalduntze kurtsoak, e.a.

Hala ere, erakundeko kideek sarritan arazoak izan dituzte kanpainak aurrera eramatekoan, Beiruten zein errefuxiatu esparruetan. Hauen kontrako eragilerik handiena mugimendu erlijiosoen hazkundea da. Leila El Ali-ren hitzetan, Najdehren zuzendaria, emakumeen egoera okertuz doa urteak igaro ahala, erlijioa inperialismoarekin anaitu baita Ekialde Hurbileko herrien askatasun gosea bahitzeko. Erlijioak botere politikoa lortu du, alderdi eta elkarte sekularrena ahulduz. Emakumeen eskubideak berreskuratzeko ezinbestekoa da jendeartearen sekularizazioa, eta horretan jarduten duten alderdi edota mugimendu ezkertiarrak badaude palestinarren artean. Baina orokorrean emakumeen borroka bigarren mailako borrokatzat hartzen dute. Berdintasunaren aldeko diskurtsoa izanik, geroz eta emakume gehiagok parte hartzen dute mugimendu politiko hauetan. Dena dela, emakumeen lanpostuak lan sozialetara murrizten dira eta erabaki-guneetan emakumeen parte hartzea ez da arruntena.

Emakumeen eskubideak emakumeek berreskuratu behar dituzte eta badaude honen jakitun diren asko. Emakumeak beti izan dira borroka sozialen parte, baina bada garaia zuzendaritza postuak eskuratzeko, esparru publikoan agerpena izan dezaten. Baldintzak badaude egoera latz honi aurre egiteko baina eginbeharrak ere handiak dira. Botere politikoaren laguntza beharrezkoa da, emakumeen borroka lehenengo mailakoa izan behar da herriaren askatasuna erabatekoa izan dadin. Leilaren iritziz aldaketa ematen ari da benaunaldi berrien artean, neskak geroz eta antolatuagoak daude eta mutilak hasi dira beraien eskubideez arduratzen. Baina benetako aldaketa emateko jendeartearen sekularizazioa beharrezkoa da, eta lan sakona egin ezean, zail ikusten du bide horri eustea.