Naiz+ Naiz+

Gose taldearen disko berriaren grabaketa zuzenean

MusikaZuzenean webgunean GOSE taldearen disko berriaren grabaketaren berri ematen ari dira. Azaroaren 20an kaleratuko du GOSEk bere 5. diskoa eta grabaketaren inguruko iritzi eta bizipenak, bideo, argazki eta abarrekin kontatuko dituzte webgunean. Hona azken posta:

Bat-bi, bat-bi… Entzuten al da?… Bai? Hemen gose, Torrelodonestik.

1065 egun pasa dira kantu berriekin osatutako gure azken diska gorri hura erditu genuenetik (g o s e III – 2009). Baina ez pentsa hiru urte hauetan geldi egon garenik! Lagunik onenak bildu genituen gure “g o s e IIII” lanean, “Korrika 17”-rako Euskalakari abestia egin genuen, baita Gaztehgam-ekoa ere, Japonia, San Francisco eta Idahon zehar bidaiatu dugu, familian aldaketak ere izan ditugu, Fitxajeren “jubilazioa” eta Amaia eta Haritzen “fitxaje” berriei esker…  eta tarte hortan 155 kontzertu eskeini ditugu, guztiak itzelak! Guretzat hala izan dira denak, gure abestiak bozgorailu handiekin jotzea sekulakoa baita.

Hasieratik g o s e IIII diska berri hau gure ibilbidean ziaboga bat izatea nahi genuen, aldaketa bat. Horretarako argi geneukan kanpo ekoizle bat behar genuela, atzerritar bat. Baina guretzat funtsezkoa zen ingelesez hitz egiten ez duen atzerritarren artean bilatzea bidelagun berria, elkarrekin komunikatzeko arazorik ez izateko eta, nola esaten den pentsatu gabe, edozertaz hitz egin ahal izateko.

Horregatik SPAM ziren gure zerrendan lehenak. Eta, nola ez, baita urtetan zehar bere lanen jarraitzaileak izan garelako ere. Ezagutu genituenean, argi eta garbi ikusi genuen beraiek izango zirela bilatzen genuen ekoizlea… ezinhobeak dira!!

Diskaren lehen zatia (ordenagailuan “new” botoia sakatzea, abestiak pentsatzea, bateriak, baxuak, eta dena delakoak “grabatzea”… alegia), uda aurretik etxeko sukaldean egin genuen: Shot!-en. Gerora, udan osoan zehar, N-1ean gora eta behera ibili gara. Eta orain, Torrelodones–Madrid-Spain-en gaude, jo ta su lanean, diska labera sartzeko desiatzen.

Izen luze eta itsusia duen herri honetan Alderdi Komunistak bere lehen mitina ospatu zuen Franco hil ostean, eta bertara 300.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren… Hori bai marka! Orain, ostera, Madrilgo “Gran Casino”-a bertan dagoelako da famatua. Bitxia, ezta? Mitinera hurbildutakoek eraikiko ote zuten? Ziur baietz. Hori bai dela “Trantsizioa”!

Torrelodonesko Estudios 54 da gure laborategi berria, eta bertan gaude orain Juan eta Moli-rekin (SPAM) gure abestiei azken ikutuak ematen…gure lagun batek esaten duen bezala: Mas contentos que un ocho pistas!!

Osoronek bere Gretschak (gitarrak) grabatu ditu, Inesek trikiekin amaitu du eta orain ahotsak grabatzen ari da… letra eta guzti!!

Ummmm… Bosgarren menu honek primerako itxura dauka…

Torrelodones, 2012ko Irailak 11 > MusikaZuzenean.com