Naiz+ Naiz+

‘Haurtxo polita’, musika beltzaren doinuaz

Abeslariak nortzuk ziren ezagutu gabe eman genuen kantu honen berri. Sarean harat eta hona zebilen eta ederra iruditu zitzaigun gure sehaska kanta kutunak euren ahotan zuen soinua. Haatik, gure irakurle finei esker jakin dugu Aba Taano taldeko kideak direla abeslariak. Facebookeko mezuetan esan diguten bezala, Ugandako jatorria duen talde hau Euskal Herriko hainbat txokotan izan da abendu eta urtarrilean gospel kontzertuak eskaintzen.

Ikusgai dagoen bideo Visto desde la Izquierda izeneko erabiltzaileak igo du YouTubera. Abestiaren izena oker ageri bada ere,– Auxo polita, dio ‘Haurtxo polita’ beharrean–, euskal sehaska kantu ederrena dela dio. Sare sozial ezberdinetan maiz partekatu da bideoa ordutik, izan ere, urtarrilaren 5tik 12.000 ikustalditik gora eduki ditu. Guk, adibidez, Facebooken izan dugu bere berri, Basque Country-ren perfilean hain zuzen ere.