Naiz+ Naiz+

Independentziaren aldeko borroka Grezian?

Amaitu dugu Greziako brigada, Europaren periferian herri honek bizi duen egoera latzaren berri izan dugu, Europar inperialismoak gogorren jotako herrialdea. Interesgarria da ikustea Europar Batasunaren eta Troikaren aurka altxatzen den herri bati zein kolpe gogorra eman dion. Europar Batasunaren benetako aurpegia agerian geratu da Grezian, eta irakaspen hori da Euskal Herrira eramango duguna.

Atenas, Patras, Thessalonika, Halkiriki eta Kretako borroken berri izan dugu, KOE antolakundearen eskutik, eta herri mugimendu eta borroka ezberdinetan daukan parte-hartzeari esker esperientzia interesgarriak ezagutu ditugu.

ERREFERENDUMETIK MEMORANDUMERA, IRAULTZATIK DESMOBILIZAZIORA

Duela urte batzuk Europako herri guztiendako irakaspen ederra eman zuen Greziak. Beldurraren gainetik kalera atera eta inperialismoari hortzak erakutsi zizkion. Inperialismoak hortzak erakutsita ere aurrera egitea erabaki zuen, baina ezkerrekoa behar zuen Syrizaren gobernuak traizioa egin zion bere herriari. Honela amaitu zen dena, honela galdu du Greziak bere independentzia eta bere borrokarako grina.

SYRIZAREN GOBERNUAREN PRIBATIZAZIOAK

Ezkerra krisi oso sakonean sartuta dago Grezian, ezkerrekoa behar zuen gobernuak troikak ingelesez emandako legeak onartzen ditu, eta 3. memoranduma onartuta, herrialdea saltzeari ekin diote. Salgai eta beherapenetan dago Grezia, eta transnazionalentzat aukera bikaina da.

Portuak, aireportuak, meatzeak eta ura bera ere pribatizatzen ari dira. Horren testigu izan ginen:

Atenasko Pireoko portuaren zati gehiena Txinatar enpresa batek erosita dauka, Mediterraneoko porturik garrantzitsuena. Portuko langileen sindikatuak xehetasun guztiak azaldu zizkigun.

Aireportuak ere saldu dituzte prezio lotsagarrietan, Atenas eta Thessalonikakoa dira saldu gabe daudenak oraindik, baina ematen du laster pribatizatuko direla.

Greziako lurrazpiko mineralak ere transnazionalen esku utzi dituzte, tasarik ordaindu gabe, ateak irekiak dituzte lurra ustiatzeko, langileak esplotatu eta minerala bukatzean diru guztiarekin joateko. Skourges meatzearen aurkako kanpamenduan egon ginen honen aurkako borroka eredugarria ezagutuz.

Eta ura ere, pribatizatzeko bidean. Thessalonikan uraren pribatizazioaren aurkako borroka gogorrak izan dituzte, ura transnazionalen esku ez uzteko, eta borroka horren protagonistekin egon ginen Grezia iparraldeko hiri honetan.

DESINDUSTRIALIZAZIOA ETA MURRIZKETAK

Memorandumek eta bereziki 3. memorandumak ondorio latzak izan dituzte Greziako biztanlerian, eta izugarri pobretu da jendea. Herrialdeko BPGa %25 jaitsi da, gerran dauden herrialdetan jaisten den adina. Honek erakusten du zer nolako emergentzia soziala bizi duen greziar herriak. Patrasen NATOri armak saltzen dizkion fabrikaren itxiera saiakera ezagutu genuen. Langileak etsita, baina borrokarako grinaz. NATOz hitz eginda, aipatu beharra dago erakunde militarra herrialdearen jabeetako bat dela, indar izugarria baitauka bereziki Kretako base militarraren ondorioz.

Vio.Me eta Robbin of the Woods fabriken itxieraren aurkako bi adibide eredugarri dira. Patroiak alde eginda, langileak fabrikaren jabe geratu ziren, eta auto-antolakuntzaz, produzitzen jarraitzea lortu zuten, Argentinatik datozen adibide interesgarriak dira, Europan ere zabaltzen ari direnak. Urte amaieran Europako fabrika berreskuratuen batzar erraldoia eginen dute.

Eta nola ez, murrizketak ikaragarriak dira. Tasa extrak ordaindu behar dituzte Greziako herritarrek memorandumaren zorra ordaintzeko, zerbitzu publikoen prezioak bikoiztu egin dira, eta langileen soldatak jaitsi. Honek pobrezia ikaragarri haztea eragin du. Irakasleen borroka ere ezagutu genuen Patrasen, Syrizaren gobernuak ezartzen ari dituen murrizketa eta hezkuntzaren merkantilizazioaren aurka.  

BORROKA BERRIAK MEMORANDUMAREN OSTEAN

Haserretuen mugimendua amaitu egin zen, eta herrialdea eraldatzeko ilusioa ere bai. Borrokak ikaragarri gutxitu dira, eta beharrezkoa jarraitzen du izaten herri mobilizazioak. Syrizaren traizioak beste borroka berri batzuk sortu ditu, eta herritarren arteko elkartasuna eredu izaten ari da orain.

Honek errefuxiatuekiko elkartasuna ere indartu du, eta borroka asko elkartasun honetara bideratu. Europak arazo berri hau sortu dio Greziari, eta biztanle pobreen erantzuna eredugarria izaten ari da, haien etxeetan errefuxiatuak jasoz. Thessalonikako errefuxiatu kanpaleku baten berri izan genuen, eta aipatzekoa da GKE-ek errefuxiatu helduekiko duten utzikeria, haurrek eramaten dute atentzio handiena, agian propagandistikoena delako.

Arlo politikoan, Syrizatik ateratako sektoreak kanpoan zeuden beste batzuekin batu ziren ‘Herri Batasuna’ alderdia sortzeko. Ezkerreko fronte berri bat eratu nahi dute mobilizazioak kalera itzuli eta ilusioa birsortzeko. Haiekin bildu ginen haien lanaren berri izateko, eta itxura ona hartu genien. Ikusteke dago aurrerantzean zer lan egingo duten, ez baitute astirik izan lan handia egiteko, eta azken hauteskundeetan ere ez zuten parlamentaririk lortu. Hala ere ezkerrak zatituta jarraitzen du. Syrizaren ezkerretara “Herri Batasuna” eta KKE alderdi komunista historikoa dira erreferentzia nagusia, baina herri mugimenduek dioten moduan, azken honen sektarismoak hesi asko jartzen dizkio emantzipazioaren bideari.

KOE antolakundea izan da gure erreferentzia, alderdikerien aurretik herri mugimenduan egiten duten lana eredugarria da, antolakunde txikia izanda, Grezia osoan mobilizaziorako lana egiten saiatzen dira, borroka sektorial estrategikoak aktibatuz, independentziaren aldeko bidea indartuz, auto-antolakuntzaren eta auto-gobernuaren alde lan eginez. Plazen mugimenduan herria alderdi eta antolakundeak baino aurrerago egon dela diote, eta alderdikerien aurrean emantzipazio mugimendu berri bat sortzearen alde egiten dute.

HISTORIA ERREPIKATZEN DA, GREZIAK BADAKI BORROKATZEN

Egoera txarra da bai, emergentzia egoera arlo ekonomiko eta sozialean, eta blokeoarena arlo politikoan. Hala ere herri borrokalaria da greziarra. Duela urte batzuk erakutsi zuen Greziako herri eta hiri askotan plazak okupatuz, baina esperientzia historikoetatik ikasten duen herria dela erakutsi du ere, eta horren testigu izan gara:

Bi diktadura bizi izan ditu Greziak, Papadopoulosena izan da azkena, eta arlo militarrean erresistentzia handia egin zitzaion. Arlo sozialean ere mobilizazioak ikaragarriak izan ziren, eta bertatik bertara ezagutu genuen Atenasko eskola Politeknikoan izandako erresistentzia. Kolaboratzaile leialak izan ziren AEB eta NATOren aurkako pintadak ikus ditzakegu gaur egun ere.

Alemaniar okupazioari ere adorez erantzun zioten. Atenasko Nikea auzoan ikaragarria izan zen erresistentzia. Bertan egon ginen memoria historikoaren lanketa ikusten.

Thessalonikan ere diktadurak ezarritako kartzelak bisitatu genituen, komunista eta demokraten kartzelak, Greziako Nazio Askatasunerako (EAM) mugimenduko kideak espetxeratuak izan zirenekoa.

Diktadurei eta okupazioei aurre egiteko gai izan ziren greziarrak, horren aurkako ezkerreko mugimendu indartsua eraiki zuten, eta azken urteotan ere gauza bera egin dute. Atenasen Alexis ikasle gaztearen hilketak ere erantzun izugarria izan zuen ikasle eta gazte mugimenduan, diktaduraren aurka ere lehen lerroan egon zen mugimendu horretan. Gaur egun ematen du mugimendua maldan behera doala, baina greziar herriak erakutsi izan duen grina berriz erakutsiko duela ziur gaude, troikaren eta inperialismoaren aurka, independentzia eta sozialismoaren alde egingo duen herria.

Bi hitz nagusi ikasi ditugu grezieraz, Elefteria eta Laokratia, Askatasuna eta herri botereaz emantzipazioa!