0 iruzkin

Musikazuzenean atari digitalaren festa, larunbatean Andoainen

Loading player...

Aurten ere, Musikazuzenean atari digitalaren festa burutuko da Andoaingo gaztetxean. Larunbatean izango da gaueko 22.30etatik aurrera eta Mundu Unplugs The Ramones, Porco Bravo eta Sermond`s taldeak ariko dira oholtza gainean. Zuzeneko kontzertuak amaitzean, musika jartzaileak izanen dira, gaualdia borobiltzeko asmoz.

Emanaldia doinu akustikoekin hasiko da. Munduk, Ramones taldearen diskografiari errepaso emango dio gitarraren laguntzaz, New York hiriko bandaren kantu ezagunenak moldatuz.

Sermond's taldearekin, berriz, desertuko doinuak eta gitarra azkarrak iritsiko dira, bolumena eta intentsitatean gora eginez. Elorrixoko bandaren stoner-rocka.

Gaualdia Porco Bravo baxurdeekin itxiko da. Barakaldoko bandak rockaren arma guztiak taularatuko ditu emanaldi sutsuan: Base erritmiko potentea, gitarra zorrotzak eta mila trikimailuko frontman ero eta beroa!

Mundu Unplugs The Ramones

Iñigo Munduate "Mundu" musikari Donostiarrak (Plan B, Mod Time...) proiektu berri bat aurkezten digu bakarlari gisa. Aurten Ramones taldea sortu zela 40.urteurrena betetzen da, eta hau aprobetxatuz Munduk taldearen berrikuspen akustikoa proposatzen digu.

Sermond's

Taldearen izen bera darama Sermond's taldearen estudioko bosgarren lanak. Usurbilgo Higain estudioetan grabatua izan da Haritz Harreguy soinu teknikariaren gidaritzapean, eta sei kantu berri biltzen dira bertan. Musikalki aurretik abiaturiko bidean sakontzen du bandak, stoner rock giroetara bideratuz euren doinuak.

Porco Bravo

Barakaldo hiriko basurdeak zeresana eman zuen Turbonegro taldearen (benetako) ispiritua berreskuratzen jakin zuelako. Hortik harago pauso sendoak eman ditu taldeak, diskoak eta zuzeneko ehunka emanaldi eskainiz urte hauetan guztietan. Musikari trinkoak dira, eta emanaldi irmoak eskaintzen dituzte, izerditsu eta dibertigarriak. Benetako auzo edo kaleko rocka ere egiten dute, konplexurik gabe. Porco Bravo, rock basatia da, gordina, eta zuzeneko ikaragarria dute.

/