Naiz+ Naiz+

Txus Martin, preso, gaixo eta bakartua

Galdakaoko Ernaik landu duen filma laburra da, Txus Martin herrikidearen inguruko egoera salatu asmoz. Ohar bidez Martinen eta gainontzeko gaixo diren presoen egoera salatu du gazte antolakundeak, baita dispertsioa eta preso politikoei ezarritako salbuespeneko neurriak ere. 

Galdakaoko Ernairen oharra:

Galdakaoko Ernairen hautua , Euskal Herriko beste hainbat eragile eta gizarte zibilaren gehiengo sozialaren erabakia bezalaxe, euskal preso politiko eta iheslarien etxeratzearen aldekoa da. ZentZu horretan, Espainiar eta Frantziar estatuek jarritako oztopoetan eroriko ez garela argi dugu, denak gurekin batera izan arte borroka eta antolakuntzan jarraituko dugu eta.

Idazki honen bitartez, estatu etsai eta inposatzaileen espetxe politika ankerra salatu eta gatazkaren konponbidean behin eta berriro erakusten dute borondate politiko eza salatu nahi dugu. Zoritzarrez, aski ezaguna zaigu badirela duela 25 urte baino gehiago, estatu Espainiar zein Frantsesak martxan jarritako dispertsio politika bidegabe eta odoltsua. Ondorioak, lazgarri bezain argiak dira. Dispertsioak 16 senide eta lagun hildako utzi ditu errepideetan. Gainera, Galdakaoko senideei dagokienez, astero 21.165km egin behar dituzten guztira haien senideak bisitatzeko, horrek 5.150euroko gastu ekonomikoa dakar. Dispertsioak, presoen gertukoei ez ezik, euskal preso politikoen kolektiboko (EPPK) kide direnei eragiten die Haien arteko sakabanaketak, presoak kolektiboki antolatzea galarazten du, gatazkaren konponbidean duten zeregina ukatuz. Guzti honez gain, preso gaixoen egoera gero eta larriagoa da, 11 baitira gaur egun hil ala biziko egoeran aurkitzen diren presoak. Horien artean, gure auzokidea den Txus Martin dugu. Ozen bezain argi esan nahi dugu, espetxe politika honek, egunetik egunera, Txus eta beste hamarrak heriotzara daramatzala! Honen harira, hona hemen Txus Martinen egoera hurbilagotik ezagutzeko Galdakaoko Ernaik eginiko laburmetraia.

Txus 2002an atxilotu zuten, Frantziako espetxeetan ia 6 urtez isolatua egon ondoren. Jasandako tratu txarren ondorioz, trastorno eskizo-afektiboa garatzen hasi zen, hain zuzen ere, eskizofreniaren familiako nahastea deritzona. Gaixotasun honek jarraipen iraunkor eta berezia exijitzen du, zeina ez den espetxe barnean bermatzen. Are gehiago, espetxe politikak trastorno honen garapena baino ez dakar. Bestalde, pairatzen ari den egoera larria dela kausa, eta kode penalak dioenaren arabera, Txusek kalean egon beharko luke jada. Azkenik, gaur egun ere, nahiz eta Zaballako espetxean aurkitu, dispertsioaren ondorioak nabarmen jasaten ditu, bakarrik baitago, kolektiboko kideetatik sakabanatua.

ESTATU ESPAINIARRAREN ESPETXE POLITIKAK TXUS MARTIN HERIOTZARA DARAMA!
LARRIKI DAUDEN PRESOAK ETXERA!