Andoni Lubaki naizplus bloga

AHMED SALEM-EK BADU ORAINDIK ESPERANTZA

Sheddinglight07
Ahmed-Salem-Lebsir

“Ez omen zuen ezertxo ere esan” dio Ahmed Salem-ek bere anaia oroituz. “Marokoarra zela esatera behartu zutenean militarrari ttu egin zion eta Kalashnikovarekin aurpegian kolpatu eta konortea galdu zuen”.

 

Ahmed Salem-ek anaia desagertuta du 1985az geroztik. Polisarioko soldadua zela marokoarren aurkako operazio batean harrapatu zuten. Apirila omen zen, baina maiatza ere izan zitekeela diote. Basamortuan ez dago egutegi zehatz baten beharrik. Garai hartatik daukan informazioa bakarra kartzelatik ihes egin edo urte askoren ondoren askatu dituzten Polisarioko gudarien bitartez da. Ahmed Salem-i ahotsa aldatzen zaio eta aurpegia zurbildu bere anaia gogorarazten duen bakoitzean.

 

“Kartzela askotik pasa omen zen, edo da. Ez dakit oraindik bizirik dagoen. Nik esperantza badut. Aita ere galdu nuen, osaba ere bai. Anaiarena hutsune handiagoa da halere. Nire seme bati bere izena jarri diot eta bere hantza duela ere esango nuke, ausarta da oso; leiala eta zintzoa. Kanpotarrak 2011an bahitu zituztenean ume koxkorra zen oraindik eta askotan haima (basamortuko nomaden telazko etxea) kanpoan geratzen zen lotan edo zelatan. “Aita, inork bahitu ez zaitzan kanpoan geratuko naiz!” zioen artean 10 urte ere ez zituela. Abderrahman jarri nion izena eta uste dut anaiaren sena izena jartzearekin batera sartu zitzaiola” dio basamortuko lurretik harri koxkor txikiak pilatzen dituen bitartean.

 

“Anaia Gallat Maguna kartzelan egon omen zen. Presondegi sekretua zen garai hartan eta inongo nazioarteko begiralerik gabe edozer egin zezaketen bertako presoen aurka, torturak eta hilketak tarteko. 25 urte preso egon den pertsona batek esan zidan berarekin urte mordoxka bat egin zituelako ziega berdinean. Torturengatik hanka bat zornatu eta anputatu egin behar izan zioten. Mina kentzeko inongo pilularik gabe igaro omen zuen operazio ondorengoa. Pentsa zer ez zuen pairatuko gizajoak; kartzela zikin batean, familia eta etxetik urrun eta inongo Nolotilik edo horrelakorik gabe. Pentsa! Baina halere hitz egin nuen pertsona hark esan zidan ez zuela inongo momentutan min keinurik egin ezta protestatu ere. Zalantzak banituen nire anaia izan zitekeen edo ez gertakari hark argitu zizkidan duda guztiak. Noizbait idatzi beharko zenuke hari buruz, familiaz aparte beste norbaitek ere jakin dezan nire anaia nolakoa zen. Bere izena nonbait agertu edo ahaztua izan ez dadin. Horrelako pertsonak gogoratzea ondo dago”

 

 

Lurralde askatuetako Tifariti Tindufeko errefuxiatu kanpamentua baino politagoa da. Airea garbi, tenperatura goxoa eta lasaitasuna dira nagusi. Gogortutako olatuen antza dute hemengo harri gorriek. Gaua harritzar baten azpian pasako dugu, “zibilizaziotik” 800 kilometrotara. Ahmed Salem-ek sua prestatu du eta belztutako lapiko batean ogia, gamelu haragi lehorra eta ura nahastu ditu. “Breifiza deitzen diogu plater honi. Desertuan gaudela prestatzen dugu, osagaiak errez mantentzen baitira baita udako beroan ere”.

 

Izarrik eta ilargirik gabeko gau itxi batean bi soldadu agertu dira sua dagoen estalpe honetara, gaueko zomorroak bonbiletara jo izan ohi duten bezala. Agurtu ondoren prestatu berri dagoen breifiza goxoa partekatu dugu. Denak plater beretik eta eskubiko eskua erabilita. Luali deitzen da bata eta Erguibi bestea. “Luali-ren anaia bat, Danba izenekoa, 17 urte egon zen preso eta askatu zuten bezain pronto kanpamentuetara itzuli zen eta 24 ordu igaro baino lehenago berriro borrokan ari zen Marokoar inbasoreen aurka” adierazi dit Ahmed Salem-ek. “Nire anaiak ere berdin egingo luke, ziur nago. Hanka bakarrarekin ere borrokatuko luke hark askatu izan balute”.

 

Sua sugar gori bihurtu da. Erguibik te-a egiteko ontzitxoa jarri du gainean. Orduan, eta aitzakia bezala, hasten dira saharauiak kontu kontari. Heriotzaz, jainkoaz eta maitasunaz; politikaz eta bizitzaz. Aldiz, nire bizitzan lehenbiziko aldiz denak isilik gaude. Lehenbiziko edalontzia eran dugu (saharauien hiru edalontzi txiki hartzen dituzte te-aren zeremonia bakoitzeko). Inork ez du hitz egin. Bigarrena ere horrelaxe etorri eta joan da, isiltasunean. Hirugarrena amaitu eta Erguibi berak esan du “Hau jasotzera noa”. Isiltasun hura haustea nahiko bortitza iruditu zait, azal fin batean zafrada sakon bat bezala. Sugarrek apenas egiten dute argirik eta iluntasuna eta erabateko isiltasuna dira nagusi berriro.

 

“Sakonean badut anaia bizirik egongo denaren esperantza. 35 urte pasa diren arren, badut esperantza oraindik. Gabon” esan du Ahmed Salem-ek. Niri lo egitea kosta zait, ez dakit Luali eta Erguibiri ere kosta zaien, baina ziur nago Ahmed Salem-ek ez duela apenas egin. Hurrengo egunean, nire kuadernoan apuntatu dut “Hutsunea sekula ez da betetzen, soilik falta denera ohitzen gara.”