Andoni Lubaki naizplus bloga

Ez da heriotza, bizitza bukatu gabe uzten dute.

Bizitzabukatugabe
bizitzabukatugabe

"Eta hondamendi guzien exenploa bailitzen

beilatu genuen gorpua ordu erdiz.

Heriotza ez da ederra eta ez da

sekula izango."

Joseba Sarrionandia, 1994, XX. Mendeko Poesia Kaiera

 

"Okerrena ez da dauden tokitik ateratzea. Kiratsak, goragaleak, tripako minak zerbaitegatik izaten ditugu. Heriotza beti zerbait ederra bezala irudikatu digute, baina ez da ala. Hildakoek usain txarra dute" esan dit Akram-ek lurretik jaiki ondoren gorputza luzatzen duen bitartean.

Isiltasun sakon bat jabetu da meskitako atzeko aldeko gela batean bolondres bat sartu denean. Ez dute deiadar egin, ez dute ezer egin; soilik isilik geratu dira. Idatzi ezin den hizkuntza batean hitz egin balute bezala. Makil bat gerturatu diote Salman-i. Orain, Akram gerturatu denetik, 5 dira bolondresak eta bakoitzak oso zeregin zehatza duela dirudi lan talde berezi honetan.

Zulo baten atzean, gelaxka baten barruan, hiru gorpu likits agertu dira. Kiratsa jasangaitza da eta Salman-ek, eman berri dioten makilarekin gorpu baten gerritik tira egin du. Ez du pisu handirik dirudienez, baina zomorro asko atera zaizkio barnetik. Halako batean bitan zatitu da eta kiratsa jasangaitza egin zaigu. Kanpora atera gara arnas egitera. Akram, nire interprete bihurtu den gaztea, gerturatu zait. "Okerrena ez da hilda daudela ikustea, edo dauden tokitik ateratzea. Okerrena bere senitartekoek ez dutela sekula jakingo zer gertatu zitzaion bere anaia, osaba edo aitari. Bizitza bukatu gabe uzten dute, baten batek horrela erabaki duelako" esan dit Akram-ek eskuak atzean lotuta dituen bitan zatitutako gorpuaren aurrean.

Gaur, nire laneko apunteen aurrean, etxeko segurtasunean, behin eta berriz irakurtzen ari naiz "bizitza bukatu gabe uzten dute" esaldia. Barruan denbora luzez zafradaka izango dudanaren susmoa dut.