Pello Reparaz

«He vuelto al desierto porque es el único lugar donde algún día pueda sentirme libre»

Arbizutik Gasteizera, Gasteiztik Madrilera, Madrildik Tindoufera, Tindoufetik Dajlara. Bidaia hastekotan Lurrekin Arbizun bat egin dudanetik 20 ordu pasa eta izarpean gaude jada. Uste baino askoz izar gehiago ikus ditzakegu hemendik. Ikaragarria da, benetan ahaztezina hori ikusiz begiak itxi eta lo sakonean erortzea.

Bader-ekin egin dugu bat jada, Sumud Brigaden sortzailea eta Vendettakideon lagun estua. Lehen hitzak trukatu eta bistan da 20 orduko bidaia dela, milaka kilometroko bidaia dela, baina guzti horren gainetik geure garunetik euren garunerainoko bidaia dela. Marokoko harresiaren aurkako gazteriarekin bat egin dugu eta entzun ahal izan ditugu jada aurreko bidaiatik buruan zizelkatuta nituen esaldi indartsu horietako bat: «Soy ingeniero, y he vuelto al desierto porque tengo que volver. Es el único lugar donde si resisto, algún día pueda sentirme libre. Estoy aquí charlando, pero el día en el que tenga que coger el fusil, lo haré». Horrelako esaldiek pentsarazi egiten naute. Eta hemen, han ez bezala, pentsatzeko denbora dago.

Garrantzitsua azken hori. Denetarik bizi ahal izan dugu ordu hauetan eta horretaz gain, aspertzeko denbora ere izan dugu. Aspertzeko denbora. Ezer ez esateko denbora. Ezertan ez pentsatzeko denbora. Ezer ez egiteko denbora. Hori da guri han falta zaiguna. Agian horrekin, benetako zerbait egiteko denbora izanen genuke. Zerbaitetan pentsatzeko denbora. Zerbait esateko denbora. Zerbait egiteko denbora.

Ez dakit norbaitek hau irakurtzeko denbora izanen duen. Beraz, banoa herrialde miresgarri honekin berriz bat egitera eta bihar eginen dugu topo berriz hemen. 20 ordu baino urrunago dagoen munduaren zatitxo honetan!