aidegatxo blog naiz+

Baxoa euskaraz aldarrikatu dute

Kazeta.infok aditzera eman duenez Etxepareko ikasleek eta Euskal Herrian Euskarazek ekimena egin dute Baxoa euskaraz egin ahal izateko.

Baxoa Euskaraz aldarrikapenak berriz ere zabaldu dute Euskal Herrian Euskaraz eta Baxoa Euskaraz eragileek  Baionan. Agerraldiarekin, Lapurdi, Xiberua eta Baxe Nafarroako ikasleek pairatu behar dutenaren argazki orokorra herritarrei helarazi eta azaltzea izan dute xede. Maiatzaren 29an Baionako Alderdi Sozialistaren egoitzaren aitzinean Baxoak ikaslea frantsesten dituela salatu zuten. Orduan bezala oraingo elkarretaratzean ere leloa 'Eskola euskaldunaren bidean, baxoa euskaraz!' izan da. Ekimen hauen bitartez eskola euskaldunaren bidean baxoa euskaraz pasatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, eta aldi berean ikasle euskaldunen eskubideak aldarrikatu eta hezkuntzaren alorrean ikasle euskaldunek pairatzen duten egoera salatu. Herriaren inplikazioa galdetu dute euskaldunen eskubideen urraketaren aitzinean, eta agerraldia egin duten bi eragileen artean bezala "Elkarlanerako garaia" dela aldarrikatu dute, eskola euskalduna lortzeko. Irakurri hemen agerraldian irakurri duten testu osoa.
"Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko gazteok, ikasle gazteok, ikasle euskaldunok, orain arteko ibilbide akademiko guztia euskaraz egin nahi izan dugunok, baxo gisa ezagutzen dugun froga akademikoak nolako eragozpenak sortzen dizkigun azaldu eta salatu nahi dugu, ozen eta tinko" adierazi dute EHE eta Baxoa Euskaraz osatzen duten eragileek Baionan.

Baxoan historia eta joan den urtean euskaraz izatea lortu zen matematikako ikasgaietaz gain bertze guztia frantsesez egin behar dutela oroitu dute gazteek. "Afera, gainera, ez da azterketa batera mugatzen; izan ere, baxoa euskaraz egin behar izateak ikas-materialetan eta ikas-prozesuan ere berebiziko eragina baitu. Gure ikas-ibilbidearen azken hiru urteetan, lizeoan, eskola-liburu guztiak frantsesez ditugu".

Horrek eskubideen urraketa ekartzen duela salatu dute: "Onartezina ez hizkuntza baten eskubideak –euskararenak- urratzen dituelako, baizik eta hizkuntza horren hiztunonak, hau da, geureak, gizabanako gisa dagozkigun eskubideak urratzen dituelako. Guk euskaraz ikasi nahi dugu, euskara hutsez, alemaniarrek, frantsesek, bulgariarrek eta norvegiarrek egiten duten bezala, normaltasun osoz".

Eskubide urraketa horren aitzinean herriaren inplikazioa galdetu dute: " Euskal Herriko edozein txokotan euskaraz bizi, ikasi eta kulturaz janzteko eskubidearen aldeko borroka ez dagokigu guri bakarrik, euskararen mundua osatzen dugun guztion betebeharra da. Herri osoaren borroka bat da, euskararen herria osatzen dugun norbanako ororen erantzukizuna da".

"Bada garaia erabaki ausartak hartzeko, legeria zahar eta ustelak gainditzeko, inposaketa kudeatzen jarraitu ala geure bidea egin erabakitzeko. Elkarlanerako garaia dugu. Eskola euskalduna nahi dugu, eta eskola euskaldunaren bidean baxoa euskaraz pasatu nahi dugu" azpimarratu dute. Hori dela eta elkarlana sustatzeko mementua dela gaineratuz: "Horretarako egin dugu bat gure aldarrikapenetan Baxoa euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeetako kideok, batzen gaituenaren inguruan hitza eta ekintza uztartzeko asmoarekin".

Gobernuaren jarrera
"Euskarak beren herrian bizi duen egoera ez da euskaldunok nahi eta behar duguna. Euskal herritarronak ez diren interesak babesten dituzten gobernuen eskutik, euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera kondenatzen gaituzten menpeko hizkuntza politikak jasan eta pairatu behar ditugu. Aipatu politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dute" salatu dute agerraldian.

Gobernuak Lurralde Elkargoarekiko eta Europako Hizkuntza Gutxituen Kartaren berrespenarekiko duen jarrera ezkorra salatu dute EHEk eta Baxoa Euskaraz mugimenduak. Suprefetak ikastolen finantziazio publikoarekiko egin duen erasoa ere mintzagai izan dute.

Euskararen Erakunde Publikoa
Euskararen Erakunde Publikoaren papera ere aipatu dute: "Frantses Estatuaren delegatu lana beteaz, EEPk ez du beharrezko irakasle euskaldunak egon daitezen urratsak emateko borondaterik erakusten. Frantxua Maitiak prest agertzen du bere burua ikasleek euskara ikas dezaten urratsak emateko, baina noski, mugak eta oztopoak nonahi jartzen dituen legeriaren baitan eta honen aldaketarik gabe".