0 iruzkin

Agur San Mamés

Denboraldi osoa daramagu San Mamesen agurraren inguruan entzuten. Azken bisitak direla, bazkideen leku aldaketak edo dena delakoa. Asteburu honetan Bilbao Athletic eta emakumezkoen taldeak ezin izan dute garaipenarekin agurtu. Bilbao Athleticek 1 eta 2 galdu zuen Alavesen kontra eta emakumezkoen taldeak emaitza errepikatu zuen Bartzelonaren aurka. Festa malkoen artean bukatu da, emakumezkoen porrotak Liga galtzea suposatu baitu.

Ekainean botako dute San Mames eta klubak partida berezi bat antolatzeko asmoa dauka. Oraindik Ligako bi partida geratzen dira eta lehen taldeak datorren urtean Lehen Mailan jokatuko duela ziurtatu gabe dauka. Ez da komenigarria izaten ospakizun festak aldez aurretik antolatzea. Errenta on bat izan arren, azken unean ezustekoak gertatzen dira. Galde diezaiotela bestela Lotinak zuzentzen zuen Vila-reali.

Ia 20 urte igaro dira Jose Maria Arrate presidente ohiak zelai berria eraikitzearen ideia ezagutarazi zuenetik. San Mames zaharkitua zegoela eta kluba finantziatzeko bazkide gehiago erakartzea zen eman ziren argudioak. Froga gisa 5.000 lagunek izena eman omen zuten bazkide izateko zerrendetan sartzeko.

San Mames berria eraiki beharra zegoen eta urte guzti hauetan ez da zalantzan jarri derrigorrezkoa zen zelai berria egitea edo eraberritze bat nahikoa zen. Zergatik? Ziur zerikusia izan duela Bilbok azken 25 urteetan bizi izan duen eraldaketa prozesuan zelai "moderno" bat izatea askoz erakargarriago saltzen delako.

Krisi garaietan behin eta berriro errepikatu dute instituzioetako arduradunek aurrera ateratzeko bidea Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza direla (I+D+I famatua). Errealitatean ordea, eraikuntzan inbertitzen dute. Hor dituzue Miribillako saskibaloi zelaia eta frontoia. Nazio eraikuntza?

Futbola beste adibide bat besterik ez da. Izan ere, zelai berria eraikitzeko proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ez litzateke posible izango Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK-Kutxabank eta Lakuak proiektua babestu ez balute.

Dirua barra-barra xahutzen zutenean sinatu zituzten akordioak. 2007an lehena eta krisia jotzen hasi zen unean bestea. Bost izarretako zelaia, Alianz Arena estilora,... Aurrekontua gutxitzen joan da azken urteetan eta datorren denboralditik aurrera ikusiko dugu nolakoa izan den San Mamesen hobekuntza.

Horrez gain, ikusteke dago zaleen erantzuna, zenbat bazkide gehiago dituen klubak eta zenbat jende hurbiltzen den partidak ikustera. Zenbakiek ez dute gezurrik esango.

Hori bai, txotxolo aurpegia geratuko litzaiguke hemendik eta urte batzuetara, erropekin gertatu den bezala, eraikuntzaren munduan estilo «retroa» modan jartzen bada.

/