2 iruzkin

Athletic, Bermejo, Garitano eta Eibar

Athletic, azken jokaldian partida galtzeko zorian izan zen astelehen gauean Vigon jokaturiko partidan. Zuri-gorriak aspaldiko partez, aurkaria baino gutxiago izan ziren, eta asko sufritu behar izan zuten puntu bat irabazteko.

Irabazi, izan ere, datorren urtean Txapeldunen Ligan jokatzeko lehian aurkari zuzenak diren Vila-realek eta Realak ere huts egin dute jardunaldi honetan. Vila-realek galdu egin zuen Bernabeun eta txuri-urdinek berdindu egin zuten Anoetan Levanteren aurka.

Liga bukatzeko 15 jardunaldi geratzen direnean Athleticek lau puntuko aldea dauka Vila-realekiko eta 7 puntutara geratzen da Reala. Sevilla eta Valentzia aldiz, azken unean goian egoteko aukerak izan ditzaketen beste bi taldeak, 13 puntutara daude.

Athletic bikain ari da denboraldi guztian zehar eta sufritzen ere badakiela erakutsi zuen Vigon. Celta nagusi izan zen lehen zatian. Bigarrenean aldiz, zuri gorriak fisikoki aurkaria baino gehiago izan ziren eta partida orekatzea lortu zuten.

Athletic garaipenaren gola egitekotan izan zen azken minutuetan. Valverdek ere igarri zuen eta Iraola zelairatu zuenean, arauzko denbora betetzera zihoanean, Herrerarekin haserretu zen zelaitik irtetzerakoan denbora galdu zuelako.

Baina gol aukera garbiena Mario Bermejok izan zuen azken jokaldian. Bermejok ordea, huts egin zuen buruarekin egindako errematean.

Aurrelari kantabriarra Athleticen harrobian aritutakoa da. Ibilbide oparoa duen jokalaria da Bermejo. 16 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan Racingekin. Hurrengo denboraldian Athleticek fitxatu zuen, euskal jatorria zeukala argudiatuta.

Bilbao Athleticen aritu ondoren, Luis Fernandezek lehen taldearekin jokatzeko aukera eman zion. 97-98an izan zen, denboraldi gogoangarria. Athleticek bigarren tokian bukatu zuen Liga eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen. Horrez gain, denboraldi horretan zuri-gorriek 1 eta 2 irabazi zuten Sampdoriaren zelaian.

Partida horretan Bermejorekin batera Gaizka Garitano zelairatu zuen Luis Fernandezek. Garitanok ez zuen lortu Athleticen lekua egitea, baina Bigarren Mailako hainbat taldetan aritu ostean, Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen zuen Eibarrekin Lehen Mailara igotzeko zorian izan zen 2004/2005an. Garitano, Joseba Llorentek eta David Silvak jokatzen zuten taldeko kapitaina zen.

Gaur egun, Eibarreko entrenatzailea da Gaizka Garitano, eta Bigarren Mailako lidergoan kokatu du taldea. Ez da kasualitatea, dagoeneko 25 jardunaldi jokatu dira, eta ondo egindako lanaren saria jasotzen ari dira.

Eibarrek talde umila izaten jarraitzen du, txapelketako aurrekonturik txikiena dauka Mirandesekin batera. Aurkariek, Lehen Mailan aritutako talde asko, diru gehiago omen daukate edo, hobe esanda, zor handiagoak. Deportivo, Zaragoza,... itota daude, eta jokalariei ordaintzeko komeriak dauzkate.

Eibarrek ez, ahal duena ordaintzen du. Kudeaketa onaren eredu bezala goraipatu izan dute.

Baina ez omen da nahikoa. Abuztu hasierarako 1,7 miloi euro behar ditu Bigarren Mailan jarraitzeko.

Hortxe paradoxa, zelaian Lehen Mailara igotzea lortu dezake taldeak, baina bulegoetan Bigarren B mailara jaitsi dezakete.

Zein eta inorekin zorretan ez den talde bat!

Agian hori izango da arrazoia.

/