0 iruzkin

Athletic, Real eta Osasuna; maila mantentzera

2013-2014ko Liga abuztuaren erdialdean hasiko da aurten. Hurrengo urtean Munduko Kopa ospatuko da Brasilen eta txapelketa guztiak inoiz baino goizago hasiko dira. Bartzelona eta Real Madril dira titulua irabazteko faborito nagusiak. Aldaketa ugari eman dira bi taldeetan -entrenatzaile (Ancelotti eta Martino) eta jokalari berriak (Neymar, isco, Illarramendi,...) heldu dira- eta ikusteke dago nola erantzuten duten. Hala ere, une honetan ez dago Lehen Mailan bi talde hauen nagusitasuna ezbaian jarri dezakeenik. Arlo ekonomikoan eta kirol mailan ere gainontzekoen gainetik daude.

Bi handien atzetik, Atletico Madril izango da ziur asko hirugarren sailkatua. Simeonek taldea zuzentzen jarraitzen du eta Falcao galdu arren, argentinarrak sendotasuna ematen dio proiekturari. Ligaren maila asko jaitsi da eta horren erakusgarri dira, aurreikuspenak bete ezkero, hirugarren lerroan kokatzen diren Valentzia eta Sevillaren kasuak. Jokalari hoberenak saldu behar izan dituzte zorrei aurre egiteko. Soldado Tottenham-era joan da eta Negredo eta Navas Manchester Cityra. Andaluziarrek fitxaketa ugari egin dituzte -Bacca kolonbiarra, Kevin Gameiro eta Marko Marin esaterako-, baina gehienak atzerritarrak dira eta ikusteko dago nola moldatzen diren eta zein den beren maila. Ezberdintasunak handitu besterik ez dira egiten. Orain dela urte batzuk Valentzia eta Sevlla alternatibak izan zitezkeen, baina gaur egun ezineskoa egiten zaie jokalari onenak mantentzea.

Talde hauen atzetik eta hirugarren lerro horretan kokatzeko helburuarekin, Ligako gainontzeko talde guztiak kokatzen dira. Beren betebehar nagusia hurrengo urtean Lehen Mailan jokatzea da eta amets egiten dute Europarako txartel bat lortzearekin. Iaz Realak eta Betisek egin zuten bezala.

Ligaren krisia ondo baino hobeto baliatu dezakete Athleticek eta Realak. Osasuna pixkat atzerago kokatzen da. Berdintasuna izango da nagusi multzo honetako taldeen artean eta guztiek sufritu beharko dute atzeko postuetatik ahalik eta arinen ihes egiteko.

Aurrekontuei erreparatuta Athleticek sailkapenaren goikaldean egon beharko luke. 60 miloi euro ditu talde zuri-gorriak eta udako merkatuan inbertsio handienetariko bat egin dute. Beñat, Etxeita, Balenziaga eta Kike Sola iritsi dira. Bielsak utzitako itzalari aurre egin beharko dio Valverdek eta fitxaketa berriak Llorente, Javi Martinez eta Amorebietak zuten garrantzia estaltzen saiatu beharko dira. Zaila izango dute. Izan ere, jokalari berriak zein taldetatik etorri diren eta joandakoak nora joan diren konparatzea besterik ez dago. Betis, Elche eta Osasunaren maila urruti dago Juventus, Bayern Munich edo Fulham taldeetatik. Gako nagusia, taldeak atzealdean sendotasuna lortzea izango da eta aurrean bigarren lerroko jokalariek -Muniainek batez ere- Aduriz eta Kike Solari golak egiten laguntzea.

Realak ere lehen hamar taldeen artean sailkatzea izango du helburu. Etxeko produktuaren aldeko apustua egin du Europatik lehiatzeko. Jagoba Arrasaterekin zaleek izaten duten pazientzia erabakigarria izango da. Lasai lan egiten uzten badiote, behintzat. Horretarako, hasieratik emaitzek lagundu beharko diote Olympique Lyon taldearen kontrako kanporaketan eta Ligako lehen partidetan. Illarramendi ordezkatuko duen jokalaria aurkitzea falta zaio oraindik talde txuri-urdinari. Azken orduko albisteek Granero izan daitekeela esaten dute.

Zailtasun handienak Osasunak izango ditu. Hala ere, ez da egoera berria nafarrentzat. Azken urteetan ahal izan duten moduan maila mantentzea lortu dute eta ez da gutxi. Mendilibarrek aulkian jarraitzeak ziurtaun bat ematen du, baina fitxaketa berriek ematen duten mailak esango du Osasunak zenbat sufrituko duen. Ariel Nuñez eta Oriol Riera, orain bi denboraldi Raul Garciak emandako mailara hurbiltzen badira, nafarrak lasai ibili ahalko dira.

/