0 iruzkin

Athletic-Shakthar (0-0): Berdinketa... eta eskerrik asko

Shakthar Donbass-en kontrako partidaren ostean hemen doaz nire galderak edo zalantzak:

1) Oso zaila izango da hurrengo faserako sailkatzea. Uste genuena baino gehiago. Oporto indartsu dago -6 eta 0 irabazi zion BATE Borisov taldeari- eta Shakthar oso talde sendoa da.

2) Shakhtar Athletic baino gehiago izan zen. Puntuetara jokatu izan balitz partida irabaziko luke. Gola egitea bakarrik falta izan zitzaion. Hainbat fasetan Athletic erraz gainditu zuen.

3) Maila altuko jokalariak. Hau Txapeldunen Liga da! erantzuten dugu ezer gehiago esatea asmatzen ez dugunean. Ezker hegaleko defentsa, Azevedo, eta bere aurretik zegoen Taison-ek sekulako erakustaldia eskaini ziguten. Ikusiko dugu Athleticek internazionalak egin zituen edo gainontzeko partidetan maila bera ematen duten. Hori lortzen badute, datozen urtean Europako talde indartsuenetan egongo dira, batez ere Azevedo, Real Madrileko Marceloren lehengusua ematen zuena.

4) Athleticen erasoko jokoak ez du funtzionatzen. Hirugarren partida jokoan inposatzea lortzen ez duguna. Noski, aurkariak ere jokatzen duela, baina Athletic azken partidetan emaitzarekin espekulatzen ari dela iruditzen zait.

Horrela egin zuen Napoliren aurka, italiarrek gola egin zuten arte. Camp Nouren berdinketarekin konformatzen zirela ematen zuen eta ukraniarren kontra erasoko jokorik ez genuen ikusi.

5) Beñatek ez du asmatzen punta erdi lanetan. Ander Herreraren postuan zelairatzen du Valverdek eta ez du lortzen jokoan sartzea. Herrera abilagoa zen azken metroetan eta Beñati asko kostatzen zaio hain espazio gutxirekin tokia egitea.

6) Ibai Gomez desagertu egiten da hamaikakoan sartzen denean. Santutxukoak kalitate handia daukala erakutsi du, baina ez du lortzen jarraipena ematea. Lesionaturik bukatu zuen partida.

7) Izen propioez gain, taldearen jokoak huts egin zuen. Ez al da luxu bat Athletic moduko talde batentzat Iraola aulkian izatea? Azken denboraldietan ligako erasoko eskuin hegal onenetakoa osatu du Susaetarekin batera, 32 urte ditu, baina eztauka tokirik taldean? Batez ere, etxeko partidetan ez erabiltzea ulertezina egiten zait.

8) Aldaketak. Onartu behar da Guillermo eta, batez ere Aketxe, zelairatu zirenean, Athleticek atzekaldetik irtetzea lortu zuela eta defentsan sufritzeari utzi ziola azken minutuetan. Hala ere, argi zegoen gol bat egitea ia ezineskoa zela. Aukera bakarra falta edo korner batean gol bat egitea zen, horretarako aproposena Mikel San Jose da, partida guztietan aukeraren bat sortzen du.

9) Partidako ondoriorik positiboena emaitza izan da. Etxean hutsean berdindu... eta eskerrik asko!

/