0 iruzkin

Brasilen kontrako Kopa

Munduko Futbol Kopa hastear da. Brasilen egingo zela erabaki zenean, txapelketa berezia izango zela ematen zuen. Izan ere, futbola Ingalaterran sortu bazen, brasildarrek berea egin dute eta nortasuna eman diote. Futbolaren festa aurreikusten zen, baina herritar andana suminduta daude txapelketaren antolakuntzak suposatu dituen gastuengatik.

2.700 miloi euro inguru erabili dituzte estadio berriak eta txapelketako egoitzak eraiki edo eraberritzeko. Hasiera batean aurreikusita zegoen kopuruaren hirukoitza. Diru horrek, azken bi Munduko Kopetan -Hegoafrikan eta Alemanian- inbertitutakoa gaindituko du. Neurri gabeko gastu horien aurka herritarrak kalera atera dira eta futbolaren ordez, hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan baliabide gehiago behar dituztela aldarrikatzen dute.

Protesta artean abiatuko da Munduko Kopa. Brasilek etxean jokatzen du eta bere neurrira egindako txapelketa antolatu dute. Irabazteko faborito nagusiak dira, baina ikusteke dago protesta giroak taldeari eragiten dion. Neymar izango da taldeko izarra. Bartzelonan ezer gutxi erakutsi duen arren, Brasilen ikur bat da. Taldearen erasoko jokoaren gidari eta arduradun nagusia. Luis Felipe Scolarik zuzentzen du selekzioa eta 2002an irabazitako Munduko Kopa berriro irabazteko helburuarekin eraiki du taldea. Harrigarria dirudien arren, defentsan dago taldearen indar nagusia. Goi mailako jokalariak ditu atzeko lerroan, erasoan aldiz, eskasago dabil taldea.

Espainia izango da beraien aurkari nagusia. Del Bosqueren selekzioak maila bikaina izaten jarraitzen du eta lehiatzen apartak direla erakutsi dute. Brasildar jatorria duen Diego Costa gehitu dute bloke sendo eta fidagarri baten irabazteko gosea mantentzeko.

Bi faborito hauen atzetik betiko selekzioak kokatzen dira. Argentina, Alemania, Holanda, Italia, Frantzia, Ingalaterra eta Portugal. Munduko Kopa Hego Ameriketan jokatzen denez, analisi gehienetan, Argentinari talde europarren gainetik aukera gehiago aurreikusten dizkiote. Klimari errazago egokitu direla jokalariak nabarmentzen dute. Horren gainetik, Messik eman dezakeen maila izango da gakoa. Bartzelonako jokalariak orain arteko, denboraldi txarrena bizi izan du eta Munduko Kopan mailarik onena ematen saiatuko da.

Faborito zerrenda honen atzetik, ezustekoa eman dezaketen taldeak kokatzen dira. Colombia eta Belgika agertzen dira kiniela guztietan. Falcao galdu arren, Colombiak Europako liga onenetan jokatzen ari diren jokalari andana ditu eta sailkapen fasean maila bikaina erakutsi dute. Belgikaren kasuan, inoiz ezagutu duten belaunaldi hoberena daukate. Courtois, Kompany, Hazard, Lukaku… esperientzia falta izan daiteke beraien gabezi handiena.

Txapelketa guztietan ezustekoak gertatzen dira. Are gehiago, hilabete batean eta hain partida gutxitan erabakitzen den txapelketa batean. Uruguay, Kroazia, Suitza, Ecuador edo Chile, multzo honetan sailka ditzakegu. Inork espero ez dituenak Afrika eta Asiatik datozen selekzioak dira. Horiek izan daitezke benetako sopresak, eta ez ginateke harritu beharko, gogoratu Atletico Madrilek irabazi duela Liga eta Eibarrek Bigarren mailan.

/