Ikoitz blog naiz+

'Gure gida' aurkeztu dute hezkuntza eragileek

LOMCE legea ez aplikatzeko estrategia amankomunak garatu bidean eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa eraikitzeko, jardunaldia antolatu zuten hezkuntza eragileek larunbatean, Agurainen.

Bertaratutako kidegoarekin, lan taldeetako ariketekin, 'Gure gida' dokumentuaren zirriborroa eztabaidatu eta ekarpenak jaso ziren.

Bukaeran, saioaren balorazio positiboa egin zuten eragileek eta elkarlanerako konpromisoan berretsi ziren.

Hezkuntza eragileen ohar bateratua:

Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraiki! LOMCEri EZ!” jardunaldien balorazio ona egiten dute eragileek eta prozesua indartzeko konpromisoa berretsi dute

Orain arteko prozesua eragile ezberdinen partehartze eta adostasunean oinarritu dela adierazi dute eta hemendik aurrera ere indarrak batu, LOMCEri aurre egin eta gure hezkuntza propioa eraikitzeko dinamika biderkatzeko mezua luzatu dute

Gaur Agurainen “Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraiki! LOMCEri EZ!” plataformak deituta jardunaldiak burutu dira. Bertan LOMCE hezkuntza erreformari aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko estratagia eta baliabideak izan dituzten aztergai lurralde, herri eta ikastetxe ezberdinetatik bildutako ehun ordezkari inguruk. Bertan izan dira hezkuntzako langile, familia eta ikasleak.

Jardunaldian hezkuntza eragileek azken hilabeteetan landu duten gida aurkeztu eta aztertu dute. Jardunaldi emankorra izan da. Gidak planteatzen dituen oinarrizko proposamenek ia erabateko babesa jaso dute eta gida aberastuko duten ekarpen baliagarriak ere jaso dira. Zentzu honetan, eragileek jardunaldiaren balorazio ona egiten dute.

Ikastolen Elkarteak eginiko adierazpenak direla eta plataforma osatzen duten gainerako eragileek bere harridura agertu dute. Izan ere, plataforman erakunde guztiek askatasunez parte hartu dute eta erabaki guztiak adostasunez hartuak izan dira. Asteartean prentsaurrekoan zabalduriko dokumentuan akats tekniko batzuk izan arren (adostasunik ez zuten aurreko zirriborroetako terminologiaren bat azaltzen zen), gidaren oinarrizko planteamentu eta proposamenek eragile guztien adostasuna eta babesa izan dute orain arte. Bestalde, asteartetik hona Ikastolen Elkarteak desadostasuna sortzen zion ezer ez digu jakin arazi gainerako eragileei, hauen berri prentsaren bidez jakin dugularik.

Edozein kasutan orain arte eginiko bidea eta jorratu nahi dugun ibilbidea berresten dugu.

Gaur Agurainen buruturiko ekimenak LOMCEri modu eraginkorrean aurre egin eta gure herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzeko pauso garrantzitsua da. Ikastetxe, auzo, herri eta eskualde ezberdinetan dinamika indartu eta indarrak metatzea helburu duen pausoa. Hemendik eta ikasturtea amaitu bitartean, eta zer esanik ez datorren ikasturtean, gure indarrak honetara bideratuko ditugu. Ziur baikaude bide hau zabaldu eta hezkuntza eragileen eta herritarren gehiengoak prozesu honekin bat egiten badu Euskal Herrian LOMCE ez dela aplikatuko eta gure hezkuntza sistemaren eraikuntza pauso erabakiorrak emango ditugula.
Horregatik hezkuntzako langileak, familiak eta ikasleak eta herritar guztiak, bakoitza bere tokian eta bere erantzunkizunetik, gure etorkizuna babestu eta hobetu nahi duen dinamika honetan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditugu.

Euskal Herrian, 2014ko maiatzaren 10an
ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Udako Euskal Unibertsitatea, Hik Hasi