Ikoitz blog naiz+

Txantreako ikasleek polizia erasoak salatu dituzte

Txantrako ikasleek, Virgen del Camino ikastetxean egindako agerraldian, iragan 23an, LOMCEren kontra mobilizatzeagatik jasan zuten polizia karga eta atxiloketa salatu dute.

 Virgen del Caminoko ikasleen oharra:

Aurreko asteko mobilizazioen harira, urriaren 23an egon ziren karga polizialak eta atxiloketa salatu nahi ditugu. Ikasleok, LOMCE legearen aurkako mobilizazioak burutu genituen astean zehar.
Asteazkenean, bigarren eta bosgarren orduetan paroa egiteko deialdia zegoen, eta horregatik ikasleok, eserialdi baketsu bat burutu genuen Magdalena kalean, Mariana Sanz ikastetxearen ondoan. Minutu batzuen buruan, Espainiako polizia nazionala bertaratu zen ikasleak eserita zeuden tokira. Iritsi bezain pronto, eta inolako azalpenik eman gabe, ikasleak disolbatu zituzten, bokatxa eta porrak erabilita, jarrera autoritario eta bortitz batez.
Nahiz eta ikasleak disolbatzea lortu, polizia luze ibili zen haien atzetik jarraika, atsedenik eman gabe. Gainera, ihesean, ikasleen atzetik zioazenean, ikastetxera sartzeko mehatxua egin zuten, eta zentroko zuzendaritzak kanpoko ateak giltzapetu zituen, ihesean eta babes bila zeuden ikasleei zentroko sarrera debekatuz. Jarraipen haietako batean, ikasle bat atxilotu zuen polizia sekretak oso egoera desatsegina pasaraziz.

Eraso hauen aurrean, argi utzi nahi dugu jarrera hauek ez direla onargarriak eta ez gaituztela kikilduko. LOMCE-ren aurkako borrokan edota edozein eskubideren aldeko borrokan. Ikasleok, inolako eraso edo trabarik gabe defendatu beharko genituzke gure eskubideak. Beraz, ikasleria osoari mezu zuzena bidali nahi diogu, gure eskubideen alde altxatu eta gogotik borrokatzeko.