Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Aberria negozio

 

“ Dena onartu genuela uste arren hau zarrastelkeria lotsagarria dela salatu behar dut”.

 Nor ari da?, zertaz?...

Ustelkeriaz asko dakien bat da e-mail honen idazlea, Rafael Spottorno, Espainiako Errege Etxearen egungo burua da, Fundacion Caja Madrileko zuzendaria zena, hau izkiriatu zuenean (2009an).

Orduan kutxa horren burua zen Miguel Blesak egindakoaz ari zen.

Zer egin zuen, ordea, bankeroak?, “ Fundación dos de mayo, Nación y Libertad” izenekoei justifikatzerik ez zegoen dirutza eman ( 10 milioi euro) El Mundo, ABC eta Esperanza Agirreren Madrilgo Gobernuari “ Espainaren indepentziaren bigarren urteurrena” ospatzeko.

Eta hori guztia, militar bati, Espainiako Errege Etxearen egungo buruari, “onartu ezinezko zarrastalkeria” iruditzen zitzaion!.

Edozein modutara, bigarren mendeurrenaren harira Donostian, Gasteizen ez bezala, bi izan dira ospakizunetarako kontrajarri izan diren ereduak.

Alde batetik “ Independentzia gerren” inguruko diskurtsoa dugu.  Honek, gertaera historikoak Espainiako Independentzia gerraren azpian eta ikuspegi militar batetik aztertu eta gogoratu nahi izan ditu ordukoa. Ikuskera hau lehenetsi dute noski Madrilen, Gasteizko “ospakizunetan” eta Donostiakoetan ere azaldu da.

Beste aldetik “Napoleon gerrak” ikertu dira ( Europa osoan erabiltzen den terminologiarekin batera baina espainiarra izan ohi dena baztertuz) biztanleriari kasu eginez planteamendu belikoen gainetik. Planteamendu hau “Donostia Sutan” izeneko elkarteak sakondu du eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan ere landu da.

Izan ere, Donostiako Udalak “1813/2013 Donostia eraikitzen” Batzordearen bidez jakin izan du bide bakoitzari bere aukera ematen.

Napoleon garaiko gerrak eta 1813ko Donostiako suntsiketa ulertzeko, bigarren mendeurrena izan delarik, Donostiako historia lokala egin izan da gehienez, hau da, eskainitako ia dena izan da Donostiako erreketaz, birrinketaz  eta abar izan arren ez da biztanleriaren parte hartzea alboratu bultzatu baizik. Horrela elkarte gastronomikoak, danborradak, herri antzerki taldeak eta beste motako kolektiboen ekarpenak ( idazleak, artistak, historialariak etab …) aintzakotzat hartu dira urte osorako prestatutako egitarauan nori bere espazioa emanez.

Orduko osagarri horiek, ordea, ez ziren bakarrik betegarri militarrak edo estrategikoak baizik eta bereganatze horretan, hartu egin direla modu konplexuan, puzzle baten antzera, oso ikuspegi kontrajarriak, ondorio politiko ezberdinak eman dituztenak, jakina, nahiz eta denak ez egon kanpoko eragin berdintsupean.

Orain, gurean, errelatoaz hitz egiten denean, Euskal Herrian egin behar dugun kontakizuna ulertzeko, noski, errelato hori ezin da ikuspegi laburreko kondaira moduan aldarrikatu, ezta gaiaz motzean planteatu ere ez eta, horrekin batera,  azken urteetako kontakizun aritzea soilik.

Ez noski, guk gure historia idazten jakin behar dugunez, gure kronikak idazten jakin behar dugun hein berean, eta horretarako, jakina, berrirakurri egin behar da orain arte gure historiaz idatzitakoa, hipotesi berriak zabaldu eta polemikak ireki eta, eztabaidatu ondoren ebatzi edota iritsi gure historia behar bezala ulertaraztera. Duela berrogei urtekoa edo bi mendekoa dela.

Kasu honetan, ikusiko dugun moduan, Donostiaren erreketaz historia egitea planteatu izan denean, espainiar historiografiak “Independentzia Gerraz” hitz egin ohi du, ustez Espainiako Independentzia deitutako Gerrak Donostian gertatutakoa ulertzeko ezinbesteko testuinguru dela aldarrikatuz.

Baina berton izan zena, ordea, inperioen arteko borroka bat izan zen. Eta inperioen arteko borroka horren ondorioz, beste independentzia batzuk sortu baziren ere, adibidez, 1813an Bolivar sartu zen Caracasen, garai bertsuan Hidalgo borrokan zegoen Mexikon, Paraguaik lortu zuen bere independentzia baita Mar de la Platan hasi ziren borrokaldiak ere, gero, Argentinaren independentzia ekarriko zutenak, Euskal Herriak behintzat ez zuen orduan independentzia eskuratu ez eta Espainiak berea ere galdu. Orduan, zergatik independentzia gerraz batailatu?...

Batzuentzat Aberria negozio delako. Madrilgo Gobernuarentzat, edo “El Mundo”rentzat edota ABCrentzat Espainiaren ustezko independenziaren aldarrikapenarekin batera dirutza eskuratzeko bidea badago. Inon justifikatu beharrik ez dagoen ustelkeria galanta.

Eta hau ez dut nik bakarrik idazten, espainiar aberria defendatzen batere susmagarri ez den Rafael Spottorno, Espainiako Errege Etxearen egungo buruak baizik.

Bistan da, bakar batzuen irabazkinei espainiar abertzaletasuna deitzen dietenean hobe da nazio horretatik ahalik eta urrutien bizitzea.

 

 

 

Bilatu