Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Fake news-ak eta Venezuela

 

Fake news-ak eta Venezuela

Zer-nolako gizaki motak, nahita, sortzen eta zabaltzen ditu gezurrak?

Hona hemen funtsezko baieztapen harrigarria: ez dira gizakiak makinak baizik. Hau da, bots izeneko informatika-programak, gizakion antzera ari dira sare sozialetan edukiak partekatzen eta, AEBetan soilik, 48 milioi badira. Dena den, gizaki gisa ari dira, eta erabilitako algoritmoen bidez, giza talde desberdinen araberako informazioa galbahetik pasatzen dute bakoitzari nahi duena eskaini ahal izateko.

Facebook-en kasuan, esaterako, Cambridge Analityca aferak erakutsi duenez, Internet Research Agencyak (Errusia fake news-ak sortzen eta zabaltzen dabilen internet-egitura) AEBetako 2016ko hauteskundeetan esku hartu zuen zuzen-zuzenean delako bots-en bidez erabiltzaile talde bakoitzaren arabera informazio moldatua emanez.

Orain, gainera, Facebook, Instagram eta whatsapp bateratu eta arrasto berberera eraman nahi ditu: (https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2019-01-28/hemeroteca_articles/zuckerberg-unificara-facebook-instagram-y-whatsapp).

Baina, jakina, behar bezalako zabalkundea izateko, fake news-ak aipatutako gizarte-taldeen mentalitatearekin bat egin behar du. Horrela lortzen dute zirrara eragitea, ez kualitatiboki izugarrizko informazioa zabalduz, nori berea emanez baizik. Bakoitzari aditu nahi duena eskainiz, alegia, egiantzekotasuna informazio egiati bihurtuz.

2013ko urtarrilaren 24an Madrilgo El Pais egunkariak ustezko Hugo Chavezen argazkia argitaratu zuen azalean bera hilik zegoela esanez. Ez zen egia eta enpresak berak (PRISA) ale guztiak jaso behar izan zituen. Akats larria izan zen baina egiantzekotasuna oinarri eta beraiek sustatzen zuten (eta duten...) Venezuelaren aurkako jarrerak bultzaturik fake news-ak hedatzen saiatu ziren (argazkia eta heriotzaren berria). Bistan da desioak, errealak ez izan arren, errealitatean eragin egiten dutela. Venezuelan Maduroren aurka egiten ari den kanpaina bide beretik doa.

 

World Wide Web sortu zuen Tim Bernersek 2017ko martxoan kaleratu zuen iritziaren arabera, “algoritmo batzuk errealitatea islatzeko baino gehiago gizakiarengan zirrara eragiteko diseinatuak dira, eta jarrera horiek sutea bezain azkar zabaltzen badira, guztiz arriskugarriak izango dira”. Beraz, Venezuelaren kasuan behintzat, arriskuegiak badira, izan.

 

Bilatu