Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

G7 eta ezker nazionalismoa (atxiloketa baten harira)

 

 

 

Joseba Alvarez, ezker abertzaleko militantea G7k eragindako errepide kontrol batean atxilotu dute (2019/08/25), Josebari esan diote hilabetez Frantzian sartzeko debekua zuela eta espainiarra dela, ondoren, Hendaiako komisaldegira eraman dute.

 

Joseba euskalduna da baina bere Herrian aske ibiltzeko debekatzen diote bortxaz kanpotik etorritako indar errepresiboek. Honek, jakina, berriro ere, azalarzten du ezker nazionalismoaren aldarrikapenen gaurkotasuna.

 

P.S. Mancinik nazioa “lurralde, jatorri, ohitura eta hizkuntzaren bidez elkarrekin bizitzeak eta kontzientzia sozialak eratutako gizonen gizarte natural bezala definitu zuen (“Sobre la nacionalidad”, 1985) eta definizio honek nazionalitatea zehazteko Gizarte Zientziek erabilitako ezaugarriei elementu subjektibo bat erantsi zien, hau da, kontzientzia nazionala. Honela, bere baitan sentimendu erreferentzial eta identitario hori bereganatzen duen herria, kultura, etnia edo talde soziala bilakatzen da, hain zuzen ere, eskubideen subjektu, eta beraz, lurraldez Estatu diferentziatu bihurtzeko eskubidea atxikitzen zaio. Nazionalismoa da, logika hutsean, subjektu nazional eta eskubidedunaren kontzientzia hori garatzeko politikoki lan egitea aldarrikatzen duen ideologia.

 

Ildo juridiko-politiko honetan, bada, nekez ahal liteke nazionalista izatea sezesionismoa posible izatea onartu gabe, zeren eta ezein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan Estatuaz aske izatea galarazten bazaio.

 

Gaur egun, agian, inoiz baino areago ari da “ius cogens” (eskubide hertsagarria) via plebiszitu bakezko soluzioa eragozten hainbat kasutan non herriek politikoki, errebindikazio nazionalisten bidez, beren buruaz baliatzeko eskubidea planteatzen duten (Michaud, “Droit à l’autodétermination eta pouvoir politique”, 1980).

 

Ildo beretik, nola gaurko Estatu-Nazioen Konstituzioen parterik handienak hala erlazio politikoen eredu berriak ekar ditzaketen estatuen arteko egiturek (Europar Batasunean bertan adibidez) merkatu deitu librea kontsakratzen dute konstituzionalki. Honela bideraezin bihurtzen dute herriek eta nazioek beren aberastasunak eta baliabide naturalak libreki baliatzeko eskubidearen ariketa (1974ko abenduaren 12ko AG3281 Ebazpena).

 

Egoera honetan, bada, orain eta hemen, inter-nazionalismoa pentsaezina da ez bada abiatzen nazionalismotik (Michel Cahen, “L’inter-nationalisme contre la mondialisation”, 2001).

 

Honela bada, esan bezala politikaren kontzeptutik abiatuz, ondorioztatu behar genuke globalizazioari gaurko koordenatuetan aurre egiteko era iraultzailea nazionalismo independentista litzatekeela soilik.

 

Zer da, orduan, nazionalista izatea?

 

Zalantzarik gabe, erreferentzia komunitario eta identitarioen garrantzi ideologikoaren kontzientziaren jabe izatea, truke desorekatuaren mundializazioari alternatiba politikoak formulatzeko.

 

Beren etorkizuna libreki erabakitzea lortzen ahalegintzen diren herrien erabakimen kolektiboaren prozesuak balaztatzeko “ius cogens” bereizkuntzarik gabe administratzearen aurrean ez etsitzea.

 

Horra inter-nazionalista izateko era koherente bakarra.

 

Anti-inperialista izatea.

 

Ezkertiarra izatea.

 

Independentista izatea...oraingoz atxilo daukaten Joseba Alvarez bezala.

 

Bilatu