Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gladysenea

Bazen behin Egian Gladys del Estal izeneko neska bat. Gaur egun, Gladys Mundu osoko mugimendu antinuklearraren sinbolo eta irudia da baina gure garaian guretako bat zen soilik: gertuko pertsona, gurekin batera helduen irakaskuntzan aritzen zen laguna eta auzoko talde ekologistako kidea.

Bere gurasoak Errepublikaren aldeko borrokolariak izan zirenez, Venezuelara erbesteratu ziren Espainia frankistaren errepresiotik ihes eginik eta han jaio zen Gladys 1956an.Familia egiatar horren haurra, lau urte zituelarik, hona itzuli zen betiko, Hasiera batean, Aldakonean bizi ondoren, Atotxako dorreko etxebizitza batera aldatu ziren eta horrela, Gladyse inguruko ikasteetxetan ikasten ibili zen lana lortu arte.

Dakigunez, duela hogeita hamabost urte,1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak  hamaika lekukoen aurrean hil zuen Tuteran.

Orduko gizarteak herri mobilizazio handiez erantzun zuen eta gogoratu beharra dago  Donostian egindako manifestazioan, garai hartan EAJren partez Donostiako alkatea zen Jesus Maria Alkain  manifestazioaren buruan egon zela eta PSOEk ere mobilizazioak babestu zituela.

Erbestean jaiotako Egiako alaba izan arren eta Euskal Herrian hezi eta hazia izan bazen ere, Gladys «venezuelar» gisa agertu zuen Espainiako prentsak bera “kanpoko infiltratua” zela adierazi nahian.

Baina gaur mito bihurtu den Gladys guk gerturik ezagutu genuen, adiskide umoretsu, ekintzaile garbia eta lagunen artean beti ziria sartzeko prest zegoena. Eta horrela ere oroitu nahi dugu. Horregatik guretzat  Kristinaenea parkerik ez dago hemen, Gladysenea  baizik, nahiz eta izen aldaketa proposamen horri Donostiako Udaletik beti ezezko erantzuna jaso duen.

Izan ere, berak irakatsi zigun parke hau maitatzen. Hori dela medio gaude orain eta hemen, berriz ere, Gladysen hilketaren hogeita hamabostgarren urteurrenean ekitaldi hau burutzen bere oroitarriari begira. Gure memoriatik Gladys, persona eta sinboloa, ezabatzen baldin bada errua ez baita beste inorena izango, gurea baizik.

Guretzat eta ingurugiroaren defentsan arituko diren hurrengo belaunaldientzat ere esparru honek Gladysenea izena izango du betiko.

Muxu pilo bat, beraz, Gladys egiatar bezain mundutar ezagutu genuen horri.

Zure oroimenak betiko iraungo baitu gure bihotzean.

2014-06-01

Egiako Gladys Enea parkean. 

 

Bilatu