Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Greba Arratoiaren urtearen hasieran

 

Nahiz eta urtez urte aldaketa handirik ez egon, arratoiek agintzen dute berriro ere. Hilabete honen bukaeran egiteko dagoen grebaren aurrean besteen lepoz bizi diren eta inoiz itotzen ez diren animalia aseezin nazkagarriak hor dauzkagu begira. Beraientzat notizia txarra baita gizartearen sektore kolpatuenak, hots, pentsiodunok, emakumezkoak edo lan prekarioa dukatenek greba orokorra konbokatzeko ausardia izatea.

Haien artean, ordea, badago arratoi talde bat beste guztiak baino faltsuagoa dena: saguzarrak.

Esopo zenak, bere garaian, honela kontatu zigun bere bizi irauteko joera Saguzarra eta erbinudeak izeneko istorioan.

Bazen behin lurrera erori zen saguzarra eta hor zegoen erbinude batek harrapatu zuen. Hiltzeko zorian zegoela, saguzarrak bizia salbatzeko erregutu zion. Erbinudeak, aldiz, ezin zuela askatu esan zion, bera, jaiotzetik, txorien etsaia baitzen.

Horren aurrean, saguzarrak argi utzi nahi izan zuen bera ez zela txoria, sagua baizik, eta, horrela, horren bizkorra izanik, bere akabera saihestea lortu zuen.

Handik denbora batera, saguzarra berriro beste erbinude batek harrapatu zuen eta, hari ere, ez irenstea eskatu zion. Erbinudeak ezetz esan zuen, arratoiak gorroto zituela jaiotzetik eta ezin zuela alde egiten utzi. Saguzarrak, ordea, erantzun zion bera ez zela sagua, txoria baizik, eta berriro libratzea lortu zuen".

Gure artean EAJren jarrera beti izan da saguzarrarena, edonondik bizirik irteteko ahal izatearena, alegia, baina, aukeran, hasierako erbinudeari emandako haien erantzunari kasu egingo diot nik, hegaztiak baino gehiagoarratoiak baitira saguzarrak. Berriro diot: Haientzat notizia txarra izaten da gizartearen sektore kolpatuenak, hots, pentsiodunok, emakumezkoak edo lan prekarioa dukatenek greba orokorra konbokatzeko ausardia izatea. Beraz, arratoiak ez garenok behintzat, urtarrilaren hogeita hamarrean kalean elkartuko garelakoan, agur.

Bilatu