Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Izuaren Ekologia

Esan daiteke Philip K. Dickek idatzitako “Androideek ardi elektrikoekin amets egiten al dute?” eleberria Ridley Scottek 1982an zinemara eraman zuenean orain horren boladan jarri diren distopien paisaia asmatu zuela. Edo, beste moduz esanda, Blade Runner filmak markatu zuen, duela ia berrogei urtetik honaino balizko etorkizunari buruzko eldarnioak, kimerak eta fikzioaren geografia.

Halere, ez omen dago ezer literariagorik errealitatea bera baino eta, bizitzen ari garen honetan behintzat, Blade Runner filmak ezarritako paisaia eta balizko geografiaren iruditeria jada gainditu duela ez dago zalantza izpirik ere.

Ez hori bakarrik, ordea, H.G. Wellsen fantasiak edota komikietan azaltzen zen Gotham City bera, esaterako, ezabatuta geratu dira COVID 19ak ekarritako hiri, herri eta errepideen argazkien aldean, XX. mendeko hirigintza irudiak, bada, eraldatuta dauzkagu dagoeneko.

Baina, alta, ez ahaztu aipatu ikono, imajina eta itxura haiek gizarte irudikapenak direla eta, horregatik hain zuzen, gure bizimoduaren (iraganekoa edo datorrena) berri ematen digutela.

Zer dakarkigu, bada, gure hiri edo herrien paisaiak?.

Lehenengo eta behin, militarizazioaren irudia. Mota guztietako poliziak besterik ez dira sumatzen kaleetan. Eta haiek dira ikusten direnak baino are garrantzitsuagoa dugu ikusten ez diren gizartea kontrolatzeko teknologiak (kamerak, dronak, bizilagun inkisitorialen dei ezkutuak eta abar...). Hor guztiari William Gibson idazleak bere “Neuromancer” eleberrian “ ziberfaxismoa” deitu zion eta, oro har, “scanscape” gisa izendatu ohi zaio (zaintzapeko espazioa).

Honek esan nahi du, bigarrenik, gure herrietan dagoeneko hirigintzaren eta ordenuari mantenu ematearen arteko mugarik ez dagoela eta, ondorioz, dirudiaren kontra (bakoitza bere etxean baitago), gizarte bizitza guztia ikusgai dugula. Jadanik Panoptikoan bizi gara. Begi ikustatzaileak den-dena fiskalizatzen du, digu, gaitu...

Goian aipatu eta gugan zetozen bi aldaketa hauei buruz ohartu ahal izateko, duela urte batzuk, preso zegoen lagun bati Paul Viriloren “L´Administration de la peur”(Beldurraren kudeaketa) izeneko liburua eraman nion irakurtzeko. Berak, kartzelan egonda ere, liburuxka itzuli zidan hurrengo bisita batean esanez: “irakurketa mota horrekin askotan galtzen naiz”...

Orain denok gaude zaintzapean gure hobe beharrez, nonbait. Gizartea kontrolatuta dago erabat. Hiriak eta herriak kartzela bihurtu baitira eta haien geografiak diziplinatzen gaitu.

Michel Foucaultek zioenez: «Diziplina-kontrola gorputzak espazioan banatuz, gizabanako bakoitza zelula-dibisio batean kokatuz eta espazio-akordio analitiko horretatik kanpo espazio funtzional bat sortzera datorkigu. Azkenean, espazioko matrize hori erreala eta ideala da aldi berean: espazio zelularraren antolaketa hierarkikoa eta forma horien ondoren ezarritako ordena guztiz ideala.”

Beraz ideala zena erreala bilakatu zaigu honez gero...eta espazio publikoa gal dezakegu betiko.

Botere politikoa autokrazia bihurturik, hiri eta herrien arteko komunikabideen mesederako inguruak basamortuz, interes pribatuen aldeko zaborren kudeaketa kutsatzaileak lehenetsiz, osasunaren holokaustotik gertu, politika ekologikoa izuaren ekologia dugu, dagoeneko, XXI. mendeko herrigintzaren irudi apokaliptikoa. Ezin da, bada, ardatz haietan ezer erreformatu. Bizi ahal izateko bestelako mundua behar baitugu.

Bilatu