Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Kennedy-ren hilketa susmopean

 

Nork hil zuen Kennedy? Hedabideen agenda baldintzatzen duten efemerideek horri buruz hitz egitera ( eta idaztera …) behartzen bagaituzte ere,  nork hil zuen Issac Rabin? edo nork hil zuen Gandhi? edo Anwar el Sadat? edota nork hil zuen Martin Luther King? esan genezake egun Kennedy-ren hiketaren harira aipatu haietan guztietan egiletza susmopean baitago, egon.

Issac Rabin, adibidez,  Igal Amir izeneko soldadu‑ohi batek hil zuen. Israelgo sionismoak, teorian erlijioaren eta estatuaren arteko bereizketa onartu arren, Torah ikasteko armadara joan beharrik ez izatea ahalbidetzen du. Ondorioz, Amir horrek, yeshiva hesder batean, hau da mintegi militarrean egin zuen bere soldadutza elite taldeetara pasatu arte. Bere anaiak, Haggai Amir goi‑mailako tiratzaileak, Rabin hiltzeko erabili zituen bala bereziak prestatu zizkion.

Ez zuen, beraz, Issac Rabin palestinar batek hil, Israelgo armadan hezitako judu ortodoxo batek baizik.

Egiptoar armadako soldaduek, bestalde, Anwar el Sadat, bakezale arabiarra hil zuten modu berean, bakea sinatzeko zegoen Camp David-eko hitzarmena paper errea bihurtuz.  

Ez al da aski susmagarria?

Beno…Kennedy-rena edo Gandhirena izan daitezkeen bezala zeren eta AEBetan, Kennedy gabe ere, azalaren koloreari muzin eginez denentzako herritar eskubideak erdietsi ziren eta Gandhik ikusi ez bazuen ere, Indiak independentzia eskuratu zuen, baina Israelen, ostera, Rabinen hilketaz geroztik bakearen aldeko alderdiek hauteskundeak galdu dituzte etengabe eta odolaren jarioak irauten du.

Arazoa da susma guztiak, bidezkoak izan arren, haiek, nolabait esanda, “susmagarriak” ere badirela. Hau da, sinesmen erlijiosotik askatu gabe dagoen pentsamenduek gertaera guztien atzean “konspirazio”ren bat  badagoela ikusteko joera dutela. Eta hori “sasi frogatzea” ez da horren zaila. Hona hemen, Kennedy aitzakia, mota horretarako saiakeratxo bat:

Adibide ezagun bihurtu zaizkigu, esate baterako, Abraham Lincolnen eta John F. Kennedy -ren arteko aldiberekotasunak edo bat etortze liluragarriak:

 

Lincoln 1846an hautatua izan zen Kongresurako.

Kennedy 1946an izan zen aukeratua Kongresurako.

Lincoln 1860tik aurrera izan zen Presidente.

Kennedy 1960tik izan zen Presidente.

Biok giza eskubideen alde lan egin zuten.

Biok beren haurrak galdu zituzten, Etxe Zurian zeudelarik.

Biok ostiralez hil zituzten.

Biok buruan tiroa emanda.

Lincolnen idazkariak Kennedy abizena zuen.

Kennedyren idazkariak Lincoln zuen deitura.

Hegoaldekoak izan ziren bion hiltzaileak.

Hegoaldekoak izan ziren bion ordezkoak.

Biok deitura berekoak: Johnson.

Lincolnen ordezkoa, Andrew Johnson, 1808an jaio zen.

Kennedyren ordezkoa, Lindon Johnson, 1908an jaioa.

Lincolnen hiltzailea, J. W. Booth, 1839an jaio zen.

Kennedyren hiltzailea, L. H. Oswald, 1939 jaioa.

Hiltzaile bakoitzaren izena 15 letrak osatzen dute.

Ford izeneko antzerki batean hil zuten Lincoln.

Lincoln izeneko Ford markako auto batean hil zuten Kennedy.

Booth eta Oswald epaiketara joan aurretik hil zituzten.

Hil baino aste bat lehenago:

Lincoln Monroe-n, Mariland-en egon zen.

Kennedy Marilyn Monroe-kin egon zen…

Nahi izan ezkero, istorio honetan bezala, koadratzen dira bertsoak, poemak, gidoiak, hedabideetako berriak eta kalkulu orriak, balantzeak nahiz gurutzegramak…

Isasi lagunari sarri esan ohi diot: “ Bizitza palindromoa da”.

Fito Rdz.

 

Bilatu