Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Zerbitzari gogotsuak (Urkulluren borondatezko mirabetzaz)

 

1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hasieran honako baieztapena dago:  "Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakia tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin…”. Alegia, giza-eskubideak zerrendatzen hasi aurretik, egun aldarrikapen unibertsala osatzen duten 30 artikuluak adostu baino lehenago, aitzin-solasean, gizakion errotikako oinarria azaltzen da:  “ tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharra”. Aipatu jarrera duin hura gabe, beraz, ezin esan gizakiak eskubideak ere merezi zituenik. Edozein zuzenbidea arautu ahal izateko, bada, gizakien arteko berdintasuna dugu oinarri eta, hori aldarrikatzeko kemenik ezean,gizakiari ezin esan inolako eskubiderik dagokionik.

Egungo 1948ko giza eskubideen aldarrikapenaren aurrekariak, besteak beste, honakoak dira: Ingalaterrako Eskubidearen eskaria (1628), Estatu Batuetako Konstituzioa (1787) eta  Frantziako Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Deklarazioa (1789). Denetan monarkia absolutuaren aurkako matxinadetatik irtendako aldarriak, non botereari mugak ezarri zizkioten eta, halaber,orduko matxinoek menpeko zerbitzari izateari uzteko deliberoa azaldu baita argitaratu zuten era gardenez.   

Gizakien arteko harreman historikoak aldarazi zituzten jarrera borrokalari haien aitzindaritzan bi erreferentzi intelektual hausturatzaile aurki daitezke: J.J.Rousseau eta Étienne de La Boétie.

Biak ala biak aritu ziren XVI. mendean gizakion duintasuna defendatzen mugarik gabeko boterearen aurrean eta, jardun hura fundatzeko baita, ahalegin horretan, gaur egungo mundu politikoa ulertzeko ere, oinarrizko bi testu ekarri zizkiguten: “Gizarte Hitzarmena” eta “Borondatezko mirabetzaz saiakera” deitutakoak.

Sozietatea maila bereko sozioek osatzen dutela zioen Rousseauk. Inor ez dela beste edozein baino gehiago, berez, eta, ondorioz, baten batek  besteak menperatu nahi izatekotan, hitzarmena bertan behera geratu beharra dagoela zioskun.

Hori azaldu ahal izateko Rousseauk bere laguna zen de La Boétieren ikuspegi kritikoa garatu zuen. La Boétiek, menpekotasunaren funtsa aztertuz, boterearen zilegitasuna non dagoen ikertu zigun, bere ustez, borondatezko mirabetzan datzana, hain zuzen ere.

Hau da, nagusiak ez du inoiz inolako zilegitasunik eskuratuko menpekoak ematen ez dion bitartean eta, aldiz, mirabetza borondatezkoa izanez gero, nagusiak (edo ugazabak) botere absolutuaz jabetuko da ezinbestean.

Urkulluk  “Espainiako Konstituziotik ezin bagara irten, borondatezko bat-egitea plantea dezagun” esaten duenean, La Boétiek formulatutako aspaldiko borondatezko mirabetza ari da aldarrikatzen, inola ere ez Giza Eskubideen Aldarrikapen modernoa. Egungo monarkiak ezingo du basailu hobeagorik aurkitu.

www.fitorodriguez.eus

 

 

 

Bilatu