6 iruzkin

Borroka ez da bide makarra

LOMCEren aurkako M17 ikasleen mobilizazioak hizpide luzea ematen ari dira egun hauetan. Baina ez da hitz egiten LOMCEren inguruko kontuez, bai zera. Iruñean eta Gasteizen gertaturiko istiluak dira mintzagaia, eta gaia bi hiriburuen udaletara eta Gasteizko Parlamentura ere iritsi da. Eta horra hor lehen gogoeta: biolentziak berez duen ikusgarritasunak (eta interesa pizteko erakargarritasunak) gainontzekoa estaltzen du. Dagoeneko jakin beharko genuke hori. Botereari horrexegatik interesatzen zaio herritarren protesta biolentziara lerrokatzea, benetako arazoen eztabaida ekiditeko. Izan ere, poliziaren ohiko jarduera da mundu zabalean protestetan probokatzaileak sartzea biolentzia eragin dezaten.

Lagun batek esan zidan atzo, Gasteizko M17an EHUn ikasle batzuek buruturiko apurketa eta ekintza bandalikoen harira, “alferrekoak direla”, eta “ez dutela ezertarako balio”. Oker zegoela uste dut; seguruenik esan nahi zuen deialdian adierazitako helburuei begira ekintza hutsalak zirela, eta horretan arrazoia zuen. Baina ez dira alferrekoak, ondorioak baitituzte. Ezker abertzaleko erakunde baten deialdiaren babesean, ezker independentistaren izenean buruturiko ekintzak izanez, horretan bertan dute eragina: mugimendu politiko baten irudi publikoan, mugimendu politiko horrekiko jendearen atxikipean … Jakina balio dutela ekintza horiek, baina ez deialdiaren atzean dagoen planteamendua indartzeko! Eta horrek kezkatzen nau, abertzalea eta ezkerrekoa naizelako.

Izan ere, ulertu behar da edozein mugimendu politikok helburuak lortzearren bere inguruan dituen eraztun kontzentrikoak aintzat hartu behar dituela: lehen eraztunean, gertuenean, mugimenduarekin erabateko identifikazioa duen jende multzoa dago; bigarren eraztun batean helburuekin bat datozenak, baina mugimenduarekiko atxikipen lausoagoa dutenak; hirugarren eraztun batean kokatuko lirateke adostasunak izanda ere, mugimenduarekiko loturarik ez dutenak; laugarren eraztunean helburu horiekin orain bat ez datozenak baina uneren batean, egoeraren arabera, loturarik izan lezaketenak; azken eraztunean daude inola ere mugimenduarekin bat egingo ez dutenak. Uste dut orain ezker independentistak bigarren eta hirugarren eraztunetan zailtasun handiak dituela aurrera egiteko. Eta uste dut EHUn eginiko suntsiketak bezalako ekintzek ez dutela bat ere laguntzen horretan. Izan ere, LOMCEren aurkako mobilizazioetan milaka pertsona parte hartzen ari direnean, batzuek zera egiten dute, parte hartzaile askoren gaitzespena izango duten ekintza bortitzak burutzen dituzte, zertarako? “El Correo”ko lehen orrian agertzea da helburua? Egun horretan mobilizatutako jendeak eta inguruko beste jende askok LOMCEren aurka jarraituko du, jakina; baina gertatutakoa ongi iruditzen ez bazaie, haiengan deialdia egin duen mugimendu politikorako atxikimendua ahulduko da. Nire lagunak esaten zuenaren kontra, ekintza hauek ondorioak dituzte!

LOMCEk eta horren gerizpeko Heziberrik pribatizazioa bultzatzen dute irakaskuntzaren esparruan, eta irakaskuntza publikoari eginiko eraso larriak dira. Horregatik are ulertezinago egiten zait unibertsitate publikoko instalazioak erasotzea. Aspalditik hezkuntza komunitatean erresistentzia eta borroka ari da egiten LOMCEren aurka, desobedientziaz eta alternatibak eraikiz. Burugabekeria eta jarrera erasokorrak ez dira biderik  onena, ez jende gehiago borroka horretara biltzeko, ez aldaketa soziopolitikoa bideratuko duen mugimendua indartzeko.

/